Albisteak

EH Bilduk zuzenketak aurkeztu dizkie aurrekontuei, Irungo deszentralizazioa eta etxebizitza publikoa ardatz


| 2022-01-18 14:42:00

Jada erregistratu ditugu 2022ko udal aurrekontuei egin dizkiogun zuzenketak. Irundarron bizi-baldintzak hobetzea eta Irunen dagoen arrakala soziala txikitzea helburu, bi ardatz nagusitan jarri nahi izan dugu indarra: irungo deszentralizazioan eta gazteei zuzendutako alokairuko etxebizitza publikoan.

Deszentralizazioari dagokionez, EH Bilduk urteak daramatza auzoei indarra eman behar zaiela aldarrikatuz, auzoek egiten baitute Irun. Eta horretarako ezinbestekoa da auzoak udal zerbitzuekin hornitzea. Hala, hiru auzo zehatzetan proiektu pilotoak jartzea proposatu dugu. Proiektu honek hiru ardatz izango ditu: SAC/HAZeko unitatea, ongizate arloko lehen arreta zerbitzua eta CBArekin sarean funtzionatuko lukeen kultur gune-liburutegia. Proiektu piloto honen lehen faserako hiru auzo proposatu ditugu: Landetxa, Anaka eta Elitxu. Halere, proiektu hau Irungo auzoetara zabaltzea da gure helburua. 250.000 €ko zuzenketak aurkeztu ditugu honetarako.

Aurreko urteetako aurrekontu akordioetan alokairuzko etxebizitza parke publikoa sortzea izan da EH Bilduren ardatzetako bat. Orain arte 6 milioi euro izan dira adostu ditugunak. Aurten ere horretan sakondu nahi izan dugu, gazteengan arreta berezia jarrita. Izan ere, gazteek bereziki zailtasunak ditutze etxebizitza bat eskuratzeko edo alokairua ordaintzeko. Egoera horri irtenbidea emateko asmoz gazteei zuzendutako apartamenduak egitea proposatu dugu, alokairu publikoan. Zuzenketa honen kopurua 2.833.965€koa da eta hiru urtetan banatu dugu: 2022an 93.950€, 2023an 1.245.982€ eta 2024an 1.494.033€

Trantsitoan dauden migranteen gaia mahai gainean jarri nahi izan dugu ere, Irun drama humanitarioa bizitzen ari baita. Irungo udalak ez du gaiaren gaineko eskumena, ezta ardura osoa. Baina Irungo Udalak ezin dio gaiari bizkarra eman. Ezinbestekoa iruditzen zaigu instituzio desberdinek kudeatzen dituzten dispositiboen protokolo aldaketa, plaza hutsak egon arren askotan zenbait migratzaile dispositiboetatik kanpo geratzen baitira, baita neguko gau hotzetan ere. Horregatik udalari eskatzen diogu kanpoan geratzen diren pertsona hauen profila eta kasuistikarekin txosten tekniko bat egin dezala, egoera honen berri eskumena duten gainerako erakundeei emateko honen urgentea baita, inork ez duelako beste tragediarik bizi nahi. Hau garatu ahal izateko 15.000€ko ikerketa bat eskatu dugu.

Aurkeztu ditugun zuzenketen gaineko negoziazioetan, gure taldearentzat oso garrantzitsua den beste gai bat txertatuko dugu ere: hala, euskararen aldeko konpromisoa har dezala eskatuko diogu udal gobernuari, udaletxe kanpora zein barrura begira. Horretarako euskararen erabileran salto kualitatiboa emanez, euskara ez dadin gehiago bigarren planoan egon. Konpromiso hau, alde batetik, udal gobernuak egiten dituen agerraldietan islatu beharko litzateke, eta baita udal kontratuetan ere, non euskara klausulen kontrola areagotzea eskatuko dugun.