2023ko aurrekontuen osoko bilkuraren balorazioa plazaratu du Irungo EH Bilduk


| 2022-12-30 16:18:00

Irungo EH Bilduk ondorengo hausnarketa partekatu du, atzo Irungo Udalbatzak onartutako 2023. urteko aurrekontuen harira: 

"Irungo EH Bildutik Irungo Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamenaren kontra bozkatu genuen atzoko egunean. Gure taldeak aurrekontu proiektuari aurkeztutako proposamenen bitartez, sustatu nahi dugun hiriereduaren erakusgarri izateaz gain, herritarren oinarrizko erronkei eta premiei erantzutea bilatzen genuen.

Legegintzaldi honetan, irundarren ongizatean bermatuko zuten akordioak lortzeko lan egin dugu. 2020an ere halaxe egin genuen: Irunen alokairuko etxebizitzen lehen parke publikoa sortuz. Oraingoan ordea, gure iritziz, udal gobernuaren proposamenak ez zekarren herritarren bizitza nabarmen hobetzeko bermerik. Guretzat hori da edozein akordio lortu ahal izateko funtsezko premisa eta oinarria.

PSEk eta Elkarrekin Podemosek, haien burua udal gobernu eraldatzaile eta aurrerakoi gisa definitzen dutenek, eman zaien aukera alferrik galdu dute; azken urteotako aurrekonturik altuenak izan baitira justizia soziala lehenesteko eta hiri sentikor, burujabe, berdintasunezko eta euskaldunago baterantz bideratzeko.

Hona hemen ukatutako proposamenetako batzuk:

- Galdara komunitarioak dituzten familientzako laguntzak abian jartzea.

- Energia-pobrezia pairatzen duten pertsonentzako gizarte-bonuak.

- Irunen lehen energia-komunitatea sortzeko bultzada.

- Gizarte-larrialdietarako etxebizitzak erostea, etxegabetze-egoeren aurrean bizitoki-alternatiba eskaintzeko.

- 2023ko Alardearen antolaketa.

- Hirugarren kiroldegi bat eraikitzea.

- Energiaren Agentzia Berdea sortzea.

Gure taldeak, beste behin ere, trantsizio energetikoa, jasangarritasuna, berdintasuna, euskara eta gizarte ongizatea bezalako gaiekiko konpromisoa erakutsi zuen. Urteak daramatzagu gai horiek defendatzen eta gai batzuetan inertziaz jokatzen duen udal gobernuaren planteamenduari alternatibak proposatzen; egoera sozioekonomiko zailean bizi gara, gero eta adineko gehiago dauden gizarte batean, eta ez dugu uste egungo erronkei aurre egiteko behar adina prestatzen ari garenik. Hiriak eratzeko modua aldatu behar dugu. Ildo horretan, nahiz eta udal gobernuak behin eta berriz ezezkoa eman, lanean jarraituko dugu oinarrizko zerbitzuak auzo guztietara iristeko, eta Udala herritar guztiengana hurbiltzeko. Legegintzaldi osoan zehar anbizioz lan egin dugu. Horrela, azken urteotan herritarren bizitza hobetzeko neurriak adostea lortu dugu. Eta horrexek ematen dio zentzua gure eguneroko lanari.

Oraingoan ez da horrela izan eta, beraz, EH Bilduk 2023ko aurrekontuen aurka bozkatu zuen. Horrela ulertzen baitugu politika, egiten duguna esanez eta esaten duguna eginez."