AKTUALITATEA


| 2023-06-14 10:07:00

Bi aste igaro dira maiatzaren 28ko gau garrantzitsutik. Gau horren ostean, hauteskundeetako ajea igaro ondoren, gogoeta sakon eta lasaia egin beharko litzateke Arabako udal eta foru hauteskundeen emaitzei buruz. Ukaezina da herrialde osoan zerbait gertatzen ari dela eta azken hamarkadan Araban orain dela urte gutxi pentsaezinak ziren aldaketak bizitzen ari garela. Aldaketa horien ondorioz, Arabako soziologia berri bat sortu da, arabar izateko modu berri bat.


Maiatzaren 28an, ezker subiranista izan zen indar bozkatuena lurraldeko 53 udalerrietatik 19tan. 19 udalerri horiek 295.997 biztanle hartzen dituzte, Arabako 336.366 biztanle kopuru osotik, hau da, lurraldeko biztanleria osoaren % 88.

 

EH Bildu izan zen lehen indarra Arabako udal hauteskundeetan, 38.143 botorekin, hautesleen % 25,66ren babesarekin, eta Gasteizen eta Arabako herri garrantzitsuenetan irabazi genuen: Laudion, Agurainen eta Oionen.


Parte-hartzea % 5 jaitsita ere, EH Bildu izan zen babes kopuruan gora egin zuen indar bakarra, 2011n sortu zenetik emaitzarik onenak lortuz; EAJk 8.000 boto baino gehiago galdu zituen, PSE-EEk 2.000, PPk ehunka eta Elkarrekin alderdiak 4.000 baino gehixeago.

 

Baina ezker subiranistaren emaitza onak ez dira udal hauteskundeetara mugatzen. Foru hauteskundeek ere nabarmendu beharreko argazki bat utzi zuten. EH Bildu bigarren indarra izan zen lurraldean, EAJ-PNVrengandik 1.200 botora. Lehen indarra izan zen Gasteizko barrutian, eta bigarrena Lur Jareetan eta Aiaraldean, EAJ-PNVrengandik 1.100 eta 600 botora, hurrenez hurren: Batzar Nagusietako ordezkarien banaketan berdinketa ekarri du emaitza horrek, Aiaraldeko barrutian bakarrik hautsi dena.


Maiatzaren 28ko gauak eman zuen argazki finkoaz haratago, interesgarria da, halaber, ikustea ezker subiranistak Araban 2011n Bildu sortu zenetik izan duen ibilbidea. EH Bilduk etengabe hobetu ditu udal eta foru hauteskundeetan lortutako emaitzak 2011n, 2015ean, 2019an eta, azkenik, 2023an. Deialdiz deialdi, ezker subiranistaren hauteskunde-esparrua handituz joan da, poliki baina etengabe, gobernu-bokazioa duen eta erronka handien aurrean lurraldea gidatzeko prestatuta dagoen indar politiko fidagarri gisa sendotuz.


Ukaezina da EH Bilduren egiteko moduak gizartearen zati garrantzitsu batekin konektatzea lortu duela. Desafekzio politikoak beste alderdiei gogor eragiten dien bitartean, EH Bilduren erantzukizun politikoa eta printzipio argietan oinarritutako ekintza antidoto gisa funtzionatzen ari dira desatxikimendu horren aurrean. Pentsatu nahi dugu, gainera, egiteko modu horrek ekarpen positiboa egiten duela politika berriro prestigiatzeko, gizartea eta herritarren ongizatea hobetzeko tresna gisa. Horretan ari da EH Bildu: politika ulertzeko modu berri batekin bat egiten ari da, Arabako gizartean bidea egiten ari dena eta ziklo politiko berri baten irekiera iragartzen duena, non ekintza politiko-instituzionala balio berrien inguruan eta gehiengoaren interesen eta beharren arabera arituko den.


Eta hori guztia gertatzen ari den bitartean, bada ezer gertatu ez dela ikusarazi nahi duenik. Hauteskundeen ondoren, hauteskunde osteko aliantzei buruzko eztabaida nagusitu da. Eta iraganeko inertzia zaharrak agertzen dira berriro. Interes asko daude “aterki-itunen” eta “keinu patriotikoen” atzean, baina interes horietako batek ere ez dio erantzuten guztion ongizateari, ezta jendearen premia larriei ere. Kontua da, batez ere, behinola herritarren babesa izan zuten botere-kuotei eusten saiatzea edozeren truke, hau da, edozer egitea ezer alda ez dadin. Baina gauzak aldatzen ari dira, aldatu egin dira. Dirudienez, helburua da bizikleta estatikoan jarraitzea, eskulekua eta pedaletako bat, gutxienez, falta bazaizkio ere.

 

Hala, EAJk ez zuen zalantzarik izan garai batean PPren politika toxiko eta piromanoei ateak ixteko asmoz Bastidan, Guardian, Oionen eta Gasteizen EH Bildurekin akordioak lortzeko (hiriburuan, EH Bilduren atzetik hirugarren indarra izan arren, alkatetza exijitu bazuen ere), baina, dirudienez, gaur egun ez du inolako eragozpenik alderdi horren botoak baliatzeko Oionen, Zigoitian, Kuartangon eta Gasteizen batera aritzeko. Zer nolako proiektu sustatzeko? Zein helbururekin? Ahalik eta botere-maila handiena izatea, ez dago beste erantzun logikorik. Nola azal diezaieke mende luze bateko historia duen alderdi abertzale batek bere oinarriei EH Bildu Gasteizko alkatetzatik ateratzeko erabakia, Euskal Herrirako duen karga sinboliko eta zama guztiarekin, PPren babesarekin PSE-EEri lagatzearren. Zein mezu bidaltzen dio Euskal Herriari?


Azken lau urteotan PSE-EEk EH Bildurekiko akordioak babestu ditu Madrilen eta Nafarroan, eta hainbat herritan. Bere lehentasunezko bazkide EAJ-PNVrekin elkarrizketa ezinezkoa zenean, harremanak hautsita zeudelako, EH Bildurekin akordioak egin ditu, baina, antza denez, gaur egun bere etsai minena den Alderdi Popularrarekin bat egiten du ziklo politikoaren aldaketari bidea ixten saiatzeko. Jarrera horren atzean uztartzen dira status quo-a mantentzeko desesperazioa eta Espainiako hauteskundeetarako kuartelik gabeko gerra agindu duen eskuin muturraren erasoen aurreko konplexua. Baina nola da posible bezperan alkate izendatu duzuna hilabete geroago borrokatu beharreko etsai gisa  irudikatzea?

Jarrera ulergarri bakarra PPrena izango litzateke, EH Bilduren eskutik gobernu progresistak saihesteko bere botoak baldintzarik gabe emateko eskaintzaren bidez azaldua. Azken finean, Araban ondo ezagutzen ditugu PPren politika erreakzionarioak eta berdintasun- eta modernitate-zantzu orok eragiten dion arbuioa. Baina, egia esan, PPren eskaintza sustengatzen duen arrazoi nagusia da Alberto Núñez Feijó presidentegaiari Espainiako Estatuan bultzada ematea.


Eta testuinguru horretan hurbiltzen ari gara datorren ekainaren 17ra, Hego Euskal Herri osoan udal gobernuak eratzeko datara. Jakina, bakoitza libre da egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzeko, baina argi dago zenbait erabakik ez diotela interes komunari erantzuten. Ez diote erantzuten herritarren ongizateari, ezta, aurre egin beharko dieten erronka handiak direla-eta, datozen lau urteetan erakundeak gidatzeko gai izango diren gobernuak osatzeko beharrari ere. Eztabaidaren erdigunean ez daude trantsizio ekosoziala, eraldaketa industriala, erronka demografikoa, etxebizitza duin eta eskuragarriaren eskubidea edota oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea. Beste interes batzuek ardazten dute eztabaida. Izan ere, interes horiek politikaren desprestigioa eta politikarekiko gero eta gizarte-desafekzio handiagoa baino ez dute eragiten.


Bestalde, EH Bilduk balioetan eta printzipioetan oinarritutako politika egiten jarraituko du, sen onetik eta interes orokorraren alde. Edukietan oinarritutako gobernu zabalen akordioak eratzen jarraituko dugu, proiektu politikoa, neurri batean behintzat, partekatzen dugun alderdi guztiekin. Eta gure ordezkaritza eskaintzen jarraituko dugu, Alderdi Popularraren politika atzerakoiei, ahal den neurrian, atea ixteko. EH Bilduko udal taldeek herriz herri zehaztuko dute inbestidura saioetan izango duten jarrera, udalerriko errealitate soziala oinarri hartuta, eta, ororen gainetik, herritar guztientzat onuragarriak diren politikak garatzea lehenetsiko dute.


Bi aukera daude: boterea kontrolatzeko gose aseezina, harrokeriak eta interes alderdikoiek itsututa, edo letra larriz politika egitea, interes orokorra, printzipioak eta balioak hobetsita. Hori da dagoeneko martxan dagoen ziklo-aldaketa, eta hori sendotzeko bultzatzen jarraituko dugu.