AKTUALITATEA


| 2024-12-01 08:30:00

Datorren asteburuan ospatuko da Ardoarabaren 17. edizioa, Gasteizen. Askok asteburua aprobetxatuko dute erdigunetik paseatzeko, Arabako Errioxan sortutako ardoez gozatuz, eta, agian, Arabako eskualderik hegoaldekoenak bizi duen egoera zailaz hausnartzeko une egokia izan daiteke.

Asko idatzi eta hitz egin da azkenaldian ardoaren krisiari buruz. Krisiak orokorrean ardo beltzaren ekoizpenari eta salmentari eragiten die, eta, bereziki, Errioxako Jatorri Izendapen Kalifikatuari (DOC Rioja), haren Kontseilu Arautzaileak azken hamarkadetan hartutako erabakien desegokien ondorioz. Erabaki horiek ekoizpen handiko estrategia baterantz bideratu dute DOC Rioja, produktuaren kalitateari gehiegi erreparatu gabe. Horren ondorioz, eta aztertzea luze joko lukeen beste faktore batzuen ondorioz, mahatsaren eta ardoaren prezioak denboran zehar beherakada iraunkorra izaten ari dira. Eta, estrategia horren ondorioz ere, ekoizten den ardo guztia merkaturatzea ezinezkoa den puntu batera ere iritsi gara.

Duela hamarkada bat baino gehiago, Arabako Errioxako upategi batzuek ondorioztatu zuten DOC Riojaak ezarritako estrategiak amildegira zeramala Arabako eskualdea. Haren orografiak, ehun sozioekonomikoak eta ekoizpen-ereduak ez zuten lekurik estrategia hartan. Gogora dezagun eskualdeak mahats-monolaborantza duela ia, eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean sostengatzen duela, neurri handi batean, bere ekonomia. Apustua argia zen. Kalitatearen eta desberdintzearen bidea egin behar zen bizirik iraun ahal izateko. Behin eta berriz egiaztatu ondoren DOC Riojaak ez zuela bide hori egiten utziko, erabaki arriskutsua, arduratsua eta eskualdearekin konprometitua hartu zuten. Jatorrizko deitura propioa sortzeko bideari ekin zioten: Arabako Mahastiak/Viñedos de Álava.

Ekoizpen eta merkaturatze eredu propioa definitu eta defendatzeko eskubide legitimoaren defentsari, Ebroren beste aldetik, “Ardoaren gerra” deitu zioten. Izen horrek DOC Riojak eta upategi talde handiek ekimenaren aurka zuten jarrera belikoa baino ez zuelarik definitzen. Bidea zaila izan da, eta izaten ari da. Botere handiak kontra, eta aliantza eskasak. Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundiaren babesa ez dute inoiz topatu. Hala ere, Arabako Errioxaren etorkizuna jokoan egon daitekeela jakitun, sustatzaileek ekimenari eusten diote. Azken kapitulua, Auzitegi Gorenean jarritako kasazio helegitea da, zeinetan, oraindik ez dakite Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango ote duten.

Bien bitartean, ardogile talde hark duela hamarkada bat baino gehiago aurreikusitako beldurrak egia bihurtzen ari dira. Arabako Errioxako upategietan milioika litro pilatzen dira saldu ezinik, nekazaritzatik duintasunez bizi ahal izateko zailtasunak gero eta handiagoak dira, eta horrek enplegua galtzea, upategiak ixtea eta belaunaldien arteko errelebo falta dakar. Lurrek balioa galtzen dute, eta hori baliatzen dute upategi handiek gero eta esku gutxiagotan gero eta hektarea gehiago pilatzeko. Bitartean, upategi handi horiek, gehiegitan, nazioz gaindiko inbertsio funts handien jabetza izatera pasatzen dira.

Baina mahastizaintza eta ardogintza sektorearen egoera ez da Arabako Errioxak duen arazo bakarra. Desberdintasun sozialak gero eta agerikoagoak dira. Euskal Autonomia Erkidegoko per capita BPG handiena duen eskualdea da eta, aldi berean, hiru lurralde historikoetan errenta pertsonal erabilgarri txikiena duena. Enpleguari buruzko datuak ere ez dira positiboak; Arabako Errioxa langabezia indize handiena duten eskualdeen artean kokatzen da.

Mugako eskualdea izanik, gainontzeko lurraldetik Toloño/Kantabria mendilerroak bereizita eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioetan sartzeko biztanle nahikorik gabe, zerbitzuen gabezia ere nabarmena da. Osasuna, hezkuntza, zaintza edo etxebizitza bezalako gaietan, Arabako Errioxako herritarrek gehiegitan erabaki behar dute Gasteiz edo Errioxako Autonomia Erkidegoaren artean.

Egoera hori guzti honek ondorio argiak izaten ari da udalerrietan biztanleria finkatzeko orduan. Eta, egia bada populazio handiena duten udalerriek biztanle berriak erakartzea lortzen ari direla, udalerri txiki gehienek biztanleria galtzen ari dira etengabe azken bi hamarkadetan, eta horrek despopulatzeko arriskua dakar.

Egoera horren jakitun EH Bilduk “Arabako Errioxarako Plan Integrala” izeneko agiria plazaratu zuen 2023ko martxoan. Gaur egun gero eta gehiago dira Arabako Errioxarako plan estrategiko propio baten beharra aldarrikatzen duten ahotsak. Plan estrategiko bat, eskualdearen zailtasunak eta aukera handi eta ugariak sakon aztertuko dituena, eskualdea suspertzen eta bertako biztanleei bizitza duina bermatuko dien etorkizuna eraikitzen lagunduko duten lan-ildoak ezarriko dituena. EH Bilduk lanean jarraituko du, berandu baino lehen, Arabako Errioxarako Plan Estrategiko bat egiteko lanak has daitezen. Eskualdearen eta bertako biztanleen etorkizuna dago jokoan.