AKTUALITATEA


| 2024-11-24 18:33:00

Ekaina bukatzear zegoela Gasteizko Legebiltzarrak Imanol Pradales izendatu zuen lehendakari, PNV eta PSEren bozkekin. Saio horretan bertan, egun lehendakaria denak konpromisoa hartu zuen Forondako aireportua itsasoz haraindiko hegaldiak jasotzeko erreferentziazko aireportu bilakatzera. Bost hilabete igaro dira dagoeneko eta denbora honetan guztian hainbat gertakari tartekatu dira. Hilabete hauetan guztietan, ez dugu ikusi Foronda bidai trans-ozeanikoak jasotzeko inolako bultzadarik. Hilabete hauetan guztietan, ikusi dugu diru publikoa bideratzen dela konpainiak erakartzeko eta, bien bitartean, abusuzko praktikak egiteko baliatzen dutela hori. Hilabete hauetan guztietan irakurri dugu Bilbo eta New York lotuko dituzten hegaldiak egongo direla hurrengo udan. Hilabete hauetan guztietan, esan digute ez daukala zentzurik planteatzea EAEko lau instituzio nagusien aurrekontuak ildo berdinen baitan negoziatzea. Alegia, hilabete hauetan guztietan agerian geratu da ez dagoela inolako herri-estrategiarik azpiegiturei dagokionez.

Egoera are larriagoa bilakatzen da egoera batean zeinean, 45 urte luze pasa eta gero, oraindik ez dugun eskumenik gai honen inguruan erabakitzeko. Gernikako Estatutuan ezartzen da aireportuen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela, baina gaur da eguna zeinean konpetentzia hori oraindik ere ez dagoen transferituta eta Espainiar Estatuak kudeatzen dituen gure lurraldean dauden azpiegitura hauek.

Hortaz, eskumenik gabe eta herri-ikuspegirik gabe aurkitzen gara, funtsezkoa den gai batean. EH Bildutik, herri ikuspegia eta subiranotasun osoa defendatzen ditugu gure aireportuak antolatzeko orduan ere bai. Horregatik, Gernikako Estatutua behingoz betetzea eskatzeaz gain, uste dugu aireportuen arloko politika integral bat planteatu behar dugula. Ildo horretan hiru lurralde historiko hauetan hiru aireportu (Loiu, Foronda eta Hondarribia) izanik eta oso hedadura txikia edukita, "aireportu bat, hiru terminal" printzipioarekin bat egiten duen estrategia defendatzen dugu.

Ez dauka logikarik herrialde ezberdinen arteko lehian murgilduta egotea. Abiadura Handiko Trenarekin emandako ikuskizun tamalgarriarekin hasi genuen ikasturtea eta, ondoren, aireportuen artekoarekin jarraitu dugu. EH Bilduren iritziz, norgehiagoka ibili ordez, kooperazioa izan behar da gure nortasun-ikurra. Herri erronkak argi definituz eta herritarren behar eta nahiei behar bezala erantzuteko asmoz, herri-gisa funtzionatu behar dugu.

Aireportuen kasuan, esan bezala, EAEn distantzia txikira hiru ditugu, eta bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. Errealitate honek elkarlanera bultzatu beharko gintuzke, eskaintza osagarria eraikiz eta hiru aerodromoen arteko konexioak nabarmen hobetuz. Izan ere, interes orokorraren kontra doa enpresa pribatuei pizgarriak ematen jarraitzea, elkarren artean lehiatzeko bada.

Horregatik, aireportu bakoitzaren ezaugarriak, hegaldi motak eta artatzen duten biztanle kopurua kontuan hartuta, EH Bilduk argi eta garbi apustu egiten du Foronda erreferentziazko aireportua izan dadin zamalanetarako, bidaiarien hegaldi trans-ozeanikoetarako eta charter hegaldietarako.

 

Badirudi egoera ez dela mugitu hilabete hauetan guztietan, baina EH Bilduk ekimena hartu duenetik hainbat postura mugitu direla antzeman daiteke. Soilik horrela uler dezakegu Ramiro Gonzalezi entzun izana urriaren erdialdean bere buruari galdetzen ¿Somos un país o somos tres territorios donde cada uno busca lo mejor para sí mismo?. Edota soilik horrela uler dezakegu urriaren 18an lortu ezin zena Gasteizko Udaletxean, gaur Batzar Nagusietan lortu izana. Alegia, eskumenak berreskuratzeko eta aireportu azpiegituren jarduerei dagokionez planifikazioa eta koordinazioaren aldeko aldarri komuna entzutea indar politiko desberdinen artean. Nazioa gara, ezta? Ba has gaitezen horrela jokatzen.