AKTUALITATEA


| 2024-12-13 10:39:00

EH Bilduren ekimenari esker, 2025. urterako Arabak aurrekontuak izango ditu. Aste luzeak eman ditu Eva Lopez de Arroyabek eta batzarkide taldeak Foru Gobernuarekin negoziatzen, eta azkenean, inertzian murgilduta zeuden hainbat kontu dezente hobetzea lortu da. Argi dago, hauek ez direla ezker  soberanismoak egingo lituzkeen aurrekontuak, baina kaleetatik egiten den lanari esker eta indar guzti hori instituzioetara eramateko anbizioari esker, apaltasun osoz, hainbat arlotan inflexio-puntu bat ezarri eta azken hamarkada ezaugarritu duten politika batzuk aldatzen hastea lortu dugula uste dugu.

Gauzak horrela, EH Bilduk ulertzen du Foru Gobernuak hamarkadatan errotuta zituen politika batzuk birnorabidetzea eta herrialdean itxita zeuden hainbat eztabaida irekitzea lortu dela. Luze joko luke akordioaren xehetasun guztiak aletzea, 22 neurri zehatz eta guztira 33,25 milioi euro mobilizatzeko asmoa duen hitzarmen baten inguruan ari baikara. Hala ere, humiltasunez baina harro esan dezakegu funtsezko 4 elementuetan bide berri bat ibiltzen hasteko moduan jarri dugula herrialdea. Lau gai, Araban jendartearen egunerokotasunean eragin zuzena dutenak; orain dela hilabete eskas Foru Gobernuak norabide aldaketa bat emateko inolako asmorik  ez zuen lau gai.

Horregatik balioan jarri behar dugu, esate baterako etxebizitza-politiketan lortu dela Diputazioak duen ulerkeran aldaketa bat ematea, gutxienez, hiru alorretan. Batetik, gehiago eraikitzearen politikaren aurrean, erreabilitazioa/eskuratzearen alde egitea; bestetik, jabetzaren politikaren aurrean, alokairuan alde egitea; eta azkenik toki erakundeen protagonismoa zentroan jartzea, baliabide gutxien duten pertsonei lagunduz, gainera.

EH Bildurentzat garrantzi berezia duen beste gaietako bat zaintzarena da. Are gehiago kontutan izanda Arabak urte ugari daramatzala adinekoen erresidentzietan plaza publikoak sortu gabe, eta sortu ziren azkenak (Abetxukoko erresidenzia, 2013an), errealitatean ez zirela berriak izan, baizik eta berrituak eta toki batetik bestera mugituak. Orain esan dezakegu Kanpezuko Etxebizitza Komunitarioa zentro erresidentzial integral batean bihurtuko dela 2026an eta plaza gehiago egoteaz aparte, publikoak izango direla. Hemendik aurrera ezinezkoa zen hori egi bihurtuko da, horrela publifikazioaren gaia eztabaida publikoan indar gehiagorekin jartzeko gaitasuna eskuratuz. Mendialdeko lehen egoitza publiko hori hasiera bat izan beharko  litzateke ekimena egun egoitza publikorik ez duten beste eskualdetara zabaldu beharko dena, hau da, Añana, Gorbeialdea eta Trebiñura.

Horretaz gain, herrialdera energia berriztagarria sortzeko heldutako eskala handiko proiektu guztien etorrera sortu duen ezinegonaren aurrean ezin ginen eskuak gurutzaturik geratu. Gobernuaren utzikeriak eta enpresen diru-goseak herritarren, landa-eremuaren eta lehen sektorearen nahi eta beharrak alboratu izan ditu eta horrek eragin du sektore anitzek bidegabekeria-sentimendua garatzea eta baita ere trantsizio ekosozialaren beharra bera ere zalantzan jartzea. Gauzak horrela, berriro esango dugu,  momentu honetan mahai-gainean dauden proiektuen inguruan ordena jartzea ezinbestekoa da eta, bereziki, Solariak eta Forestaliak sustatutako goi-tentsioko lineen egitasmoak bertan behera uztea lortu beharra dago, egin behar ez denaren adibide zuzenak baitira. Bitartean, akordio honen bitartez, herritarrekin batera, egoera argitu eta ordenatzeko eta, bide batez, arrazoizko helburu egingarriak ezartzen lagunduko duten deliberazio prozesuak arintzeko Arabako Foru Aldundiaren konpromisoa lortu da. Aurrean dugun erronka klimatikoaren dimentsioa eta urgentzia kontuan izanda, eskualdekako parte-hartze prozesu horiek 2025ean zehar garatu beharko dira.

Azkenik, funtsezko elementu bat izan da toki erakundeen fintzazioan lortutako igoera. Hemendik aurrera FOFEL-en ezarriko da, gutxienez, AFA-ren guztizko baliabideen %36,66 bideratzea (orain %35,94an dago). Honek herritarrengandik hurbilen dauden insitituzioen eragiteko gaitasuna handitzea ekarriko du. Urteak daramatzagu entzuten ezinezkoa dela Toki Erakundeen finantziazioa handitzea, baina baridudi hitz egiteko borondatea dagoeean lortu daitekeela. Hori gutxi balitz, Foru Aldundiaren konpromisoa eskuratu dugu Arabako toki erakundeen finantzaketa-ereduaren azterketa egin, eta 27 urte duen araudia aldatzeko prozedura abiarazteko urtea bukatu baino lehen.

Beste asko dira akordio honetan jorratutako gaiak, esate baterako lehen sektoreari lotutakoak, erresidentzia pribatuetako hitzarmena, mendekotasuna baloratzeko denboren murrizketa, garraio-publikoa edota larrialdeei aurrean hobeto prestatuago egotea.

Azkenik, konstatzio bat: EH Bildu ez zen sortu politika konbentzionala egiteko. Ez da ohikoa ikustea oposizioaren lehen indarra, aurrekontu proiektu bat hobetzeko lanetan aritzea. Agian, erosoagoa izan zitekeen EH Bildurentzat desgaste estrategia bat hartu eta gatazkatsuak diren gai horiek erabili gobernua igatzeko, baina hori ez da #EHBildustyle. Proiektu hau sortu zen jendarte justuago bat eraikitzeko eta herri hau askatasuneraino eramateko, ez interes partidistak defendatzeko. Horregatik, jendearen bizitzak hobetuko duten akordioetan EH Bildu presente egongo da, beti. Hala ere, ez gara inozoak, jakin badakigu ez garela Foru Gobernuaren lehen aukera izan (ez eta bigarrena ere); eta akordioa sinatuta ere orain gogorrena geratzen dela, betearaztea.  EH Bilduren proposamenak egingarriak izateaz gain eraginkorrak ere badirela erakusteko lanean jarraituko dugu. Bide berri bat urratu da, orain ikusiko, dugu datozen hilabeteetan, Gobernua zenbateraino prest dagoen bide horretan urratsak ematera. Guztioi dagokiogu norabide egokian indar egiten jarraitzea.