Aldaketa handiak datoz mundura. Era globalean dauden tendentzia estrukturalek erakusten digute erronka handiei aurre egin beharko diegula epe-motzean. Eraldaketa horiek badatoz, afera da heltzen direnerako, behar bezalako eztabaidak eman eta hartu beharreko erabakiak hartzeko prestatu izan ote garen. Ostrukarena egiten jarraitzea ezin da aukera bat izan, inertzian murgilduta jarraitzea ezin da aukera bat izan, nor den herriak badaki hori.
Gurea, herri txiki bat da eta nahikoa tresna ez dituena etorkizunerako behar bezala prestatzeko. Horregatik, urteak daramatzagu esaten herritarren nahi eta beharrei behar bezala erantzungo badiegu, salto kualitatibo bat ematea ezinbestekoa zaigula. Baldintza objektiboak baditugu, subjektiboak eraiki beharrean gaude. Hori bai, kontziente izan behar gara denborak estutzen gaituela eta gaur egiten ez duguna, bihar egitea zailagoa suertatuko zaigula.
Are gehiago momentu batean zeinetan mendebaldeko sistema politikoak krisian dauden. Langile klaseak, nagusiki azken urteetan, pobretze prozesu bat sufritu du eta politika instituzionaletik hartu diren erabakiek, edo erabaki ezek, asko lagundu dute bide horretan. Gauzak horrela ukaezina da alderdi politikoenganako mesfidantza eta instituzioekiko atxikimendu eza handituz joan dela. Horri guztiari, gehitu behar diegu alde batetik sare sozial eta komunikabidetan mezu hutsal baina ulerterrazak, fake berriak, buloak eta sasi-egiak zabaltzeko aisetasuna; eta bestetik nahi bezala zabaltzen ari dela ultraeskuin-harrotua, mundu osoan agenda partekatua duena eta hainbat botere ekonomiko eta mediatiko handien oniritzia duena.
Ikerketa eta azterlan soziologiko gehienek diote gero eta jende gehiagok uste duela indarrean dagoen sistema politikoak ez diela uzten erabakietan parte hartzen, ez eta eragiteko gaitasunik izaten ere. Azken asteetan Espainiar Estatuan ikusten ari garena, desafekzio politiko horretan sakondu besterik ez du egiten. Ustelkeria kasuen aurrean, egunerokoan suertatzen diren problematikei erantzun koherenterik ez eskaintzea eta eztabaida publikoan herri interesak interes alderdikoien gainetik jartzeko ezintasuna, eragiten ari dira ezinezkoa izatea alderdi politiko tradizionalen gaitasun ezak estaltzea.
Bien bitartean, ikasturte hasiera honetan ikusi behar izan dugu Arabako Ahaldun Nagusia beste herrialdeekin lehia betean. Herri ikuspegia nagusitu beharko liratekeen gaietan, interes partikular eta alderdikoietatik helduz, bide laburra dugu egiteke. Zerrenda luze baten azken kapitulua, aireportuen inguruan ematen ari diren lehia, eta horrek eragiten digun gastu publikoaren xahutze eta bidai-politika koherente baten falta garatzea. Beste alde batetik, ulergaitza zaigu herrialdeen artean dauden desberdinkeriak. Ez dugu arrazoi edo baldintza gaindiezinik aurkitzen gaur egun zerbitzu publikoak lurralde bakoitzean desberdinak izan daitezen. Areago, horrek Erkidego Autonomoko euskal herritarren eskubide berdintasuna urratzen duenean, esate baterako Gizarte zerbitzuen kasuan.
Testuinguru honetan, pentsatzen dugu beharrezkoa dela politika egiteko moldeak astintzea. Gure ustez lidergo konpartituak eta, herrialdeen arteko lehia sustatu ordez, lan egiteko modu kooperatiboak bultzatzea ezinbestekoa zaigu. Kooperazio hori erakundeen artean, alderdi politikoen artean baina baita ere gizarte eragile eta herritarrekin egin behar dugu. Azken finean, herri-prozesu bat abiatu beharrean gaude tamainako erronkei erantzun egokiak emateko. Horregatik EH Bilduk pentsatzen du, urteroko lege nagusia den aurrekontu legea, baliatu behar dela instituzio desberdinen politikak alineatzeko eta guztiok norabide berdinean arraun egiteko. Horrela efizientzia eta efikazia handiagoa izango du herritar guztiona den dirua zein politika publikoetan gastatzen dugun ezartzen duen legeak. Bide horretan, EAEko lau instituzio nagusietan akordio global baterako proposamena luzatu diegu PNV zein PSE-ri. Hori bai, helburu argi batekin: Sakoneko politika publiko eraldatzaileak garatzea. Izan ere, neoliberalismoak porrot egin duen honetan eta hortaz, kontsentsu neoliberala hautsita dagoen honetan, politika ekonomiko post-neoliberal bat martxan jartzea beste aukerarik ez dago etorkizuna bermatzeko.
Akordio global hori lortze bidean, aste honetan bertan, beste urrats bat eman dugu eta Foru Gobernuari proposamen orokorraren luzapen bat helarazi diogu, Arabari begira jartzen gaituena. Gure anbizioa da, Araba justuago baterantz jauzi kualitatiboak ematea. Gizarte-zerbitzu publiko gehiago eta hobeak izango dituena, gazteriari eta herri-sektoreei irtenbideak emango dizkiona, bizitza duinak bermatuko dituena eta lurralde-orekari eta trantsizio ekosozialari arduraz helduko diona. Horretan oinarritu dugu eskaintza.
Momentu honetan etxebizitza duin bat eskuratzea ia-ezinezkoa bilakatu da eta horrek ondorio zuzenak ditu bai gazteen emantzipazioari dagokionean baita ere prekarizatutako hainbat sektoreen bizi baldintzetan. Horregatik uste dugu urgentziazko gaia dela eta administrazio guztiek badutela zerbait egiteko, baita Arabako Foru Aldundiak ere. Helburua argia izan behar da: Etxebizitzarako eskubide subjektiboa gauzatzea, Gasteizko Legebiltzarrean 2015ean onartu genuen legean jasota dagoen bezala. Momentu honetan, ez dira apenas neurrik hartu eta gure lurraldean hartutako neurriak bilatzen duten gauza bakarra da jabeei erraztasunak ematea. Merkatuan esku-hartu behar dugu eta alokairuak legez mugatu behar dira. Foru Aldundiak hor, badu zeregin zuzena. Bestetik jakinda Araban toki-erakunde askok ez dutela egiturazko neurriak hartzeko ahalmenik, Foru Aldundiak higiezinak erosteko eta degradatutako eraikinak birgaitzeko programa bat abiarazi behar du udaletxeei aukera hori eskaintzeko. Soilik horrela lortuko baitugu gazteentzako etxebizitza eta etxebizitza soziala abian jartzea.
Mugimendu Feministaren bultzadari esker, orain dela urte batzuk lortu zen zaintzaren afera esfera politikoaren lehen lerroan jartzea. Kontziente gara pertsona orok duela bere bizitza guztian zehar zaindua izateko eskubidea, eta, gainera, era duinean. Bestalde, ezin dugu alde batera utzi zaintzaileek beraien lana, alegia gure gizartearentzako berebiziko garrantzia duen lana, prekarietate-baldintzetan egitea. Gaur da eguna, zeinetan eskubidea izan beharko zena kontraesanean dagoen enpresek duten irabazi-asmoekin. EH Bildu lanean ari da zaintzen esparruan negozioak eta diru-etekinak lehentasuna izan ez daitezen. Helburu hauek ezin dituzte politika publikoen norabidea markatu. Horregatik, plaza publikoen beharra aldarrikatuko dugu negoziaketa honetan. Bestalde, zaintzarako politikak, beste alor asko bezalaxe, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeetatik kudeatzen direnean askoz era hurbilago batean egiten da. Hori dela eta uste dugu, udal-eskumeneko baliabide berriak sortzen lagundu behar dutela Foru Aldundiaren aurrekontuek. Agerikoa da gaur egun daukagun arazo nagusietako bat dela, mendekotasun balorazioa egiterako orduan behar diren epeak. Balorazio hau beharrezkoa da, dagokion zerbitzuak jaso ahal izateko. Horregatik momentu honetan zerbitzuan dagoen botila-lepoa ezabatzeko, plantilla handitu behar da. Esan bezala, plaza publikoen eskasia errealitate bat da, hortaz errekurtso pribatuetara jotzeko beharra duten familientzako prestazioak handitu behar dira, egitera derrigortuta dauden gastu hori arintzeko asmoz. Baina haratago ere joan behar gara eta zentro bateko erabiltzaile guztiek arreta bera izango dutela bermatzeko intentzioarekin, plazak kontzertatzeko modua eraldatu behar dugu. Bukatzeko, jakinda sektore prekarizatuenetako baten aurrean gaudela, botere publikoek ezin dute albo batera begiratu. Gauzak horrela, aurrekontuen bidez ere, erabakitasunez lagundu ahal da egoitza pribatuetako langileentzako sektoreko hitzarmen bat lortzen.
Hirugarrenik, trantsizio ekosozialaz hitz egitera behartuta gaude. Kolapso klimatikoaren ondorioak egunero ikusi ditzakegu eta muturreko gertaera klimatikoak gure herritik geroz eta hurbilago sentitzen ditugu. Gure energia beharrak asetzeari dagokionez, energia berriztagarrien aldeko apustua da EH Bildurena. Egungo ereduak eszenatoki konplexu batera ekarri gaitu, zeinetan hainbat enpresen erabakiak eta egoera behar bezala kudeatzeko tresnarik/planfikaziorik eza, erronka zena arazo-sozial bilakatu duten. Egoera bideratzeko, bi lan-ildo jorratu behar ditugu. Alde batetik, eskualde mailako prozesu deliberatibo eta demokratikoak sustatu behar dira eta bestetik administrazio publikoa eredu izan behar du. Azken horretarako, proiektuen gaineko kontrol publikoa eman behar da eta energia sorkuntza banatuari bultzada eman behar zaio. Energiaz aparte, mugikortasun jasangarriaz ere hitz egin behar dugu, izan ere CO2 isurketen gehiengoa garraioak eragiten baitu. Zentzu horretan garraio-publikoari bultzada emateko tarifa-sisteman hobekuntzak egin behar dira eta bestetik, bada garaia parke mugikor publikoa elektrifikatzen joateko. Azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagorekin, elikadura burujabetza lortze aldera urratsak ematea ezinbestekoa zaigu. Orain arteko ereduak ez digu balio, eta Foru Aldundiak lehen sektorean eman beharreko aldaketaren laguntzaile-aktiboa izan behar du. Badaude hainbat proiektu eraldaketa trakzionatzen lagundu dezaketenak. Esate baterako zerbitzu publikoen jantokiak eta nekazaritzako elikagaien ekoizpena lotzearena, edota eskualdeetan transformazio-zentroen sare bat sortzea.
Bukatzeko, Arabak bizi duen egitura admistratibo eta geografikoaren berezitasunak kontutan hartu behar dira herritarren bizitza-kalitatea bermatzeko eta politika publikoen efizientzia eta efikazia bermatze aldera. Foru Aldundiak ez ditu maite ahaldundutako toki-erakundeak, baina EH Bilduren iritziz, soilik horrela lortu dezakegu makrozefalia prozesuari aurre egitea. Horregatik ezinbestekoa da toki-erakundeek duten azpi-finantzaketa eta dependentzia gainditzea. Bestetik, kontzejuak izanda herri-demokraziaren isladarik hurbilena eta euren errealitatearen ezagutza mailarik altuena izanda, lortu behar dugu esfera horretan, herrien biziberritzeko proiektuak eta etorkizuneko planak egiteko (eta gerora garatzeko) gaitasuna izatea. Ez dugu ahazten Arabar Errioxa egoera kritiko batean dagoela murgilduta eta hortik ateratzeko alor anitzak barnebiltzen dituen plan estrategiko baten premia duela. Horregatik bultzatuko dugu Arabako Foru Aldundiak bultzada eman diezaion prozesu horri.
Neurri hauek guztiak aurrera ateratzea lortuko bagenu, dudarik gabe, azken urteetako Foru politiketan norabide aldaketa sakon bat txertatzea lortuko genuke. Argi daukagu, ez dela positiboa inertzian murgilduta gobernatzen jarraitzea. Galdera berriak pausatzen zaizkigu eta ez du balio, honaino ekarri gaituzten erantzun zaharrekin tematuta jarraitzea. EH Bilduk, ohiko alderdi tradizionalek ez bezala, alderdikeriak albo batera utzi eta herri-interesak lehentsiko ditu, atzo bezala gaurkoan ere. Aldaketa hauek gauzatu ahal izateko asmoarekin eseriko gara negoziaketa saio honetan, elkarrizketa-saio hau zintzotasunez emango delaren esperantzarekin eta konbentzimenduarekin koordenada hauetan emango den balizko akordio batek, herri-prozesuan suposatuko lukeen jauzi kualitatiboaz. Finean, bihar izan dadin pertsonaren duintasuna zentroan jarriko duen akordioa lortzeko anbizioa da gurea.