AKTUALITATEA


| 2024-11-15 16:17:00

Politikaren garai likido hauetan maiz mespretxua adierazten zaion tresna baten garrantzia aldarrikatzera datoz lerro hauek: programa politikoa. Gehienetan, hauteskunde deialdi baten aurrean aurkezten den dokumentu hutsari esan ohi zaio programa politikoa. Hala da, baina Gasteizen EH Bildurentzat aspaldi izaera askoz ere zabalagoa duen zerbait da. Etengabe eguneratzen eta gaurkotzen den lehentasun, proposamen eta proiektuen corpusa da programa. Azken finean, eragile politiko, ekonomiko, sindikal eta sozial guztiekin, herritar xehekin, eta, noski, geure militantziarekin elkarrizketa eta entzuketa aktibo eta jarraitu baten bidez elikatzen eta aberasten den zerbait bizia da.

Ariketa jarraitu horren destilaziotik sortzen da hauteskunde programa. Hau da, Euskal Herria Bilduk gasteiztarren aurrean hartzen dituen konpromiso eta asmoen zerrenda. Garrantzitsua da puntu hau, geure ustez, konpromiso hori ez delako mugatzen gobernua izanez gero egin beharrekoak zerrendatzeari, baizik eta eguneroko lana eta jarduna arautu behar duen ipar-orratza ere izan badelako. Udalean dugun zeregina edozein izanik ere, eta gaur egun lehen indarra izan bagara, programa hori gauzatzeko aurrerapausuak ematea izango da beti geure helburua.

Ekinbide politikoak udalerriko erronken eta lehentasunen definizio argi batetik abiatu behar du. Geure kasuan, bi erronka handi zehaztu genituen: erronka demografikoa eta zaintzak, eta larrialdi klimatikoari lotutako trantsizio ekosoziala, bere dimentsio osoarekin. Bi erronka global horiekin batera, hirugarren asmo bat ere geure egin genuen: Gasteiz ez izatea soiik bizileku bat, baizik eta hiri bat, udalerri bat, non bizitzeak benetan merezi duen.

Erronka horiei aurre heltzeko asmoan oinarritzen dira EH Bilduren proposamenak eta eztabaida ezberdinetan hartzen duen jarrera. Hala izan zen, esaterako, 2024. urtera begirako aurrekontuen eztabaidari ekin genionean. Programan islatzen genuen filosofia argi islatu zen geure proposamenaren oinarrian:

  • Pertsona guztien bizi kalitatea babestea eta hobetzea, zaintzak eta babes sozialeko sare osoa aintzat hartuz.
  • Ekonomiaren eraldatzea, eta trantsizio ekosoziala, erantzun berriak exijitzen dituztenak energian, etxebizitzan, mugikortasunean edo geure ehun sozioekonomikoaren etorkizunean, besteak beste.
  • Gasteiz hiri askotariko eta bizia bihurtzeko anbizioa. Eskubide eta zerbitzu publikoak bermatuak eta kalitatezkoak diren hiria, eta hezkuntza, kultura, kirol edo aisialdi eskaintza oparoa izango duena.

Negoziazio eta elkarrizketa prozesu baten amaieran, akordioa erdietsi genuen PSE-EErekin eta EAJrekin. Horren bidez, hamabost dirusail berri sartu genizkion kontu proiekturari, 6 milioi euroren balioarekin. Azken hamar hilabeteotan lanean aritu gara dirusail huts zirenak proiektu zehatz eta egingarrietan gauzatzeko. Gaur esan dezakegu ia itxi dugula 2024rako eduki osoa. Dirusail batzuk gauzatu eta egin dira honezkero, eta beste kasu batzuetan, egiteko denbora gehiago behar duten proiektuetan, hurrengo hilabeteetan abiatuko dira. Edozein kasutan, dirusail bakoitza zertarako erabiliko den finkatuta dago.

 Esan bezala, gasteiztarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea eta hiri bezala aurrez aurre ditugun erronka handien aurrean urratsak aurrera egitea. Aurrekontu akordioan eta bere garapenean aurrerapausu irmo bat dago, besteak beste:

  • Babes sozialean, etxebizitza komunitario berria jarriko dugu Salburuan; gutxienez 50 adineko pertsonentzako jangela berria izango dugu Sansomendi auzoan, eta beste 20 gehituko dizkiogu Aranako jangelari.
  • Etxebizitzari dagokionez, pertsona gazteen alokairura zuzendutako eraikin bat martxan jarri dugu Barnekalean.
  • Sustapen ekomomikoaren alorrean, itxita dauden lonjetan proiektu berriak abiatzeko dirulaguntza ildora 30 bat saltoki berri aurkeztu dira. Halaber, Hedegile kaleko bi lonja merkataritza haztegi izan daitezen egokitzen ari gara. Bestalde, eraikuntza jasangarria sustatzeko programak ikasle batzuei laneratzea erraztu die, eta gutxienez 15 kalitatezko kontratu egin dira honezkero.
  • Trantsizio ekosozialean energia berriztagarri fotovoltaikoa energia komunitateen bidez sortzeko Euskal Herriko udal laguntza deialdi handinahitsuena dugu, 600.000 eurorekin. Gainera, bizikleta elektrikoen mailegu sistema berreskuratuko dugu 2025ean. Bestalde, lehen urratsak egiten hasi gara Gasteiz eta Arabako Lautadan biosferaren erreserba bat sortzeko, geure ingurumen ondareari balioa eman eta administrazio zein eragile ezberdinen artean aliantzak eta elkarlana sustatuko dituena.
  • Eta Gasteiz hiri bizi eta dinamiko horren alde, lortu dugu lehen aldiz Gasteiz 'Euskararen Hiria' izatea joan den urrian, eta heldu den urteko apirilean lehen Gazte Plaza egingo da. Oinarriak jarri ditugu Oihaneder Kultura garaikideko zentro gisa indartzeko eta biziberritzeko. Lortu dugu espazio komunitario bat Goikolarran sortzeko bidea irekitzea, eta espero dugu luze gabe zuntz optikoa Alde Zahar osora iritsi ahalko dela, dagozkion obrak eginda.

Herritarrek norabide aldaketa baten alde eman zuten botoa udal hauteskundeetan, eta EH Bilduk norabide aurrerakoi horren berme gisa aurkeztu nahi du bere burua hirian dauden eztabaida guztietan. Bokazio eraldatzailea eta hiria beste bide batean bideratzeko borondate argiarekin egiten diren proiektu eta ekarpenak dira, orain arte Gasteiz gobernatu dutenek egin ez dituztenak. Noski, nahiko genuke gehiago izatea eta azkarrago egitea, eta hori da egunero egiten ari garen ahalegina.

Asko dago oraindik egiteko. Laster espero dugu 2025. urterako udal aurrekontu proiektua eskuetan izatea. Geure ustez, kontu horiek tresna garrantzitsua izan daitezke aurten aurrekontu akordioaren bidez abian jarri ditugun proiektuetan eta politiketan sakontzeko. Duela gutxi fiskalitateari buruzko itun berri bat onartu dugu, eta horri esker udal honek baliabide ekonomiko propio gehiago izango ditu heldu den urterako. Baliabideen indartze horrek, orain, herritarren ongizatea handituko duten proposamenak eta ekintzak ekarri behar ditu, politika eta zerbitzu publiko indartsuen bidez.

Berriro ere, udalerrirako ezarrita ditugun lehentasunak izango dira geure ardatz eta abiapuntu: babes soziala eta etxebizitza, enplegua eta sektore sozioekonomikoa eraldatzea hobetzea, trantsizio ekosozialean eta berriztagarrien sorkuntzan aurrera egitea, eta Gasteiz hiri bizi eta askotariko bezala dinamizatzen jarraitzea, non herritarrak protagonista izango diren. Euskal Herria Bildu hitz egiteko, negoziatzeko eta akordio batera iristeko prest dago aurten egindako aurrerapenetan sakontzeko, eta proposamen eta politika eraldatzaileak gehitzeko hiriaren etorkizunaren alde, norabide aurrerakoi batean. Azken finean, programa politikoan eta hauteskunde programan esan genuena egunero praktikara eramaten saiatu eta egiten ari gara.