AKTUALITATEA


| 2021-07-05 19:17:00

10 urte igaro dira Bildu jaio zenetik. 10 urte jada. 10 urte baino ez. Luze itxoindako edozein erditze bezala, gurea ere, nerbioz, ilusioz, itxaropenez eta emozio nahasketa hunkigarri batez lagunduta etorri zen. Eta Bildu jaio zen Bilboko Arenaleko gau ahaztezin horretan. Eta edozein jaio berri bezala begiak zabaldu eta ingurua aztertzen hasi zen. Ibiltzen ere ikasi zuen, hasieran lau hanken gainean katamarka, Sortu, Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta Aralar ziren gure lau hankak. Hitz egiten ere ikasi genuen, hizkuntza berri konpartitu bat ikasi genuen eta gure inguruan genituen tresnak erabiltzen ere ikasi genuen, instituzioak, gobernuak, kaleak, komunikabideak… batzuetan baldarrago, gehienetan, abilezia handiz.

 

2017an, orain 4 urte, haurtzaroa gaindituta, Joxan Artzek idatzi eta Mikel Laboak abesten zuen bezala, EH Bilduri “gogo eta gorputzaren zilbor hesteak” ebakitzeko ordua heldu zitzaion. Eremu berrietara zabaldu, eta esperientzia berriak ezagutu asmoz, EH Bildu subjektu politiko bilakatu zen. Erabakiguneak eraiki, bozeramaletza eta militantzia propioa bildu eta egitasmo politikoa garatzeko bide berriak urratu genituen. Eta heldutasunarekin batera besteekiko harremanak ezagutzen hasi zen EH Bildu. Lurraldeko eragile politiko, sozial eta sindikalekin elkarrizketa propioa eraikiz.

 

10 urte hauetan, gizarte justuago bat eraiki eta Euskal Errepublika askea sortzeko bidean lagungarri izateko tresna eraginkor bezala sortu zen EH Bildu, jaio, hazi eta hezi egin da. Eta 10 urte beranduago gaitasunez eta esperientziaz blaitutako tresna fidagarri eta heldua daukagu eskuartean. Segurtasuna eman eta sinesgarritasuna duen tresna eta proiektu politiko heldua da EH Bildurena. Eta hau, historiaren momentu zehatz honetan, oso garrantzitsua da.

 

Izan ere, bizi ditugun garaiak ez baitira nolanahikoak. Aldaketa sakonen garaiak bizi ditugu. Orain 100 urte Antonio Gramscik ederki azaldu zuen bezala: “El viejo mundo se muere. El nuevo tarda en aparecer. Y en ese claroscuro surgen los monstruos”. Globalizazio neoliberalaren bidez ongizatearen promesak erabateko porrota jo du. 2008ko finantza-krisian ikusi genuen, eta pandemian berretsi dugu. Agerian geratu da merkatu librearen autoerregulazio-ahalmenari buruzko engainu handia. Eta gure herrialdean bere defendatzaile sutsuak, EAJko buruzagiak ere, agerian geratu dira. Arrazoi genuen eta denborak eman digu, eredu neoliberalak porrot ikaragarria egiteaz gain, zibilizazioa biziraupenaren mugetara eraman du.

 

Klima-aldaketa, natura-baliabideen inbasioa eta esplotazioa, funtsezko zerbitzuen pribatizazioa, botere eta kapitalaren eskrupulurik gabeko metaketa, herri sektore zabalen gero eta prekarizazio handiagoaren aurrean. Dagoeneko ez dago zalantzarik, ez dago ukatzailerik, zibilizazio osoak eraldaketa globalari egin behar dio aurre, eta hori ona da, beharrezkoa da, saihestezina da, ordena berri bat eraiki beharra dago.

 

Hau da Gramscik deskribatutako argi-iluna. Ordena berri horren eraikuntzan, bataila global bat ematen ari da. Rosa Luxemburgok esaten zuen eta orain Slavoj Zizek edo Naomi Klein bezalako pentsalariek birformulatzen dute: "Sozialismoa edo basakeria". Berdintasuna eta justizia edo basakeria. Hori da une historiko honetan gertatzen ari den borroka globala, baita Araban ere.

 

Kapitalismoa berrasmatu egiten da, autoritarismoa alternatiba gisa aurkezten du bere burua eta ezkerreko proiektu emantzipatzaileek egoerak eskatzen duen mailan egon behar dugu, bermedun proiektu kolektibo bat eskainiz. Jendeari segurtasuna emango diona, justizia sozialaren printzipioan oinarritutako berdintasunezko gizarte baten eraikuntzari atxikitzea sustatu eta ilusioa piztuko duena. Naturarekin eta planetarekin harmonia harremana berreskuratuko duena.

 

Arrazoi genuen sistema neoliberalak hondamendira eramaten gintuela esaten genuenean. Arrazoi dugu esaten dugunean ordena berria berdintasunean, justizia sozialean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarrituta bakarrik eraiki daitekeela. Baina arrazoiarekin ez da nahikoa, alternatiba eraiki behar da, jendea entzun eta inplikatu behar da. Posible da. Euskal Herrian baldintzak betetzen dira. Gure esku dago.

 

Bestetik, udara honetan bete dira udal eta foro gobernuak osatu zirenetik bi urte. Legealdi erdia. Orduan, gobernu horiek osatzen ari zirenean, ohartarazi genuen. EAJ eta PSEren arteko koalizioak boterea eskuratzea baino beste helbururik ez zuen. NI-NI koalizioa deitu genion (la coalición NI-NI: ni soberanista, ni de izquierda). Koalizio horrek herrialdea blokeora eramaten zuela ohartarazi genuen. Indar gabe uzten zituela aldaketaren azkartzaileak ziren bi gehiengo herritarrak, aurrerakoia eta burujabetzaren aldekoa. Legealdiaren erdia bete den honetan esan dezakegu hausnarketa horretan bete-betean asmatu genuela. EAJ-PSE koalizioak paralisira eraman du herrialdea. Ez dago egitasmorik. Ez dago norabiderik. Kudeaketa hutsera (helburu estrategikorik gabeko kudeaketa eskasera) dedikatzen da NI-NI koalizioa.

 

Orduan, hausnarketa hura egiten genuenean, inork gutxik aurreikus zezakeen aurretik zetorkiguna. Gerora hausnarketa hura tragedia bilakatu da. Gobernuak osatu eta 7 hilabetera etxean konfinatuta geunden guztiok eta “statu quoa”ren defendatzaile sutsuek zibilizazioa bera amildegiaren ertzera eramana zutela agerian geratu zen. Erregea biluzik ageri zen gizarte osoaren aurrean.

 

Orain, txertaketaren eskutik, zientziaren eskutik, pandemiaren iluntasunean argi izpi bat zabaltzen ari den honetan, uste dugu inportantea dela urte luze honetan gertatutakoa gogoratzea.

 

Lehenik eta behin bi oroitzapen. Lehenengoa, pandemian zehar bidean geratu zaizkigun arabarrentzat eta euren senide eta lagunentzat. Doakiela hemendik gure besarkadarik beroena. Bigarrena arabar gizarteak erakutsitako elkartasun eta erantzukizun mailari. Lehen unetik bertatik ardura erakustaldi bat eman duzue.

 

Bestetik pandemiak utzi dizkigun hainbat ikasgai. Lehena, pandemiarekin gizartea sostengatzen duten milaka langile xume ikusgarri bilakatu dira bat-batean, bizitza sostengatzeko ezinbestekoak direla erakutsiz. Bigarrena, sistema publiko indartsu baten garrantzia agerian geratu da: osasungintza, hezkuntza, zaintza sistema indartsuak behar ditugu. Eta hirugarrena, kolektibitatearen garrantzia ikusi dugu, bakoitzak egiten duena besteen mesedetan edo kaltetan doa. Askatasun pertsonalak eta kolektiboak eskutik elkar lotuta doaz. Ez ditzagun ikasgai horiek ahaztu, etorkizun oparo baten oinarriak dira eta.

 

Instituzio nagusiek pandemian zehar izandako jardueraren inguruko balantzea egiteko garaia ere heldu da. Gure herrian EAJk gobernatzen dituen horietaz. Urte honetan zehar hiru etxeko lan nagusi zituzten:

 

  1. Pandemia kontrolatzeko eta gainditzeko gizarte eta osasun neurri argi eta koherenteak abian jartzea.
  2. Gehien kaltetutako sektoreak erreskatatzeko beharrezkoak ziren neurri ekonomikoak ezartzea.
  3. Pandemiaren osteko berreraikuntzaren inguruko hausnarketa estrategikoa egitea.

 

Gaur esan dezakegu hiru etxeko lan horietan Gobernuek ez dutela mailarik eman. Hiruretan kale egin dutela.

 

Bitartean, hasieratik, EH Bilduk, aurrean genuen egoeraren dimentsioaz jabetuta, eskua luzatu zuen hiru esparru horietan modu eraikitzailean laguntzeko. Elkarlana sustatzea izan dugu helburu, gobernutik zein oposizioan. Egoera zailei, beti, elkarlanean hobeto erantzuten zaiela sinistuta baikaude.

 

Eta honetan gertuko instituzioek paper berezia bete behar izan dute herritarren kezken aurrean. Lan eskerga egin behar izan dute azken urtean zehar toki erakundeetako EH Bilduren zinegotzi eta alkateek. Lan eskerga eta ordu luze asko lanean, gau eta egunez, elkarlana sustatuz herritarrak zaindu eta babesteko. Lan eskerga kudeatzeko modu hobeago bat badela erakusteko.

 

EAJren kudeaketa onaren mitoa erori egin da, egoerak gainditu egin ditu, eta hori, enpatia ariketa batean, ulergarria izan daiteke (azken finean, egoera ezezagun baten aurrean geunden). Baina ez dena ulergarria zera da, EH Bilduren laguntzari ez ezik, herri oso baten adimen kolektiboaren laguntzari uko egin izana, aurrekaririk ez zuen egoera bati aurre egiteko orduan. Lidergoa inorekin ez partekatzeko obsesioan, lortu duten gauza bakarra beren kudeaketa ereduaren ezintasuna agerian geratzea izan da.

 

Baina Gobernu baten ezintasunak ez ditu aurretik ditugun erronka handiak desagerrarazten. Aitzitik, erronken pilaketa dakar eta gero eta beltzagoak dira Araban ekaitza iragartzen duten hodeiak: funtsezko industria-sektoreetako krisiak (aeronautika, automozioa, hodiaren industria), lehen sektoreak dituen zailtasun geroz eta handiagoak, gizartearen zahartzea, landa-ingurunearen despopulazioa... adibide batzuk baino ez dira. Gure eredu sozioekonomikoa garai berrietara egokitu behar dugu, azkar. Klima-erronkari erabakitasunez aurre egingo dion eta egungo gizartearen ezaugarri berrietara egokituko den birmoldaketa bati eutsi behar zaio. Agortze-sintomak erakusten dituen eredu sozioekonomikotik XXI. mendeko erronka handietarako egokia den eredu berri batera igaro behar da. Trantsizio horretan, Arabako hurrengo belaunaldien ongizatea dago jokoan. Atzeraezina da.

 

Eta Araba berri hori, zalantzarik gabe, berdintasunaren, elkartasunaren eta duintasunaren oinarrien gainean eraiki behar da. Tubacex, Aernnova, Mercedes eta beste hainbat enpresetako langileen borrokak erakusten ari diren berdintasun, elkartasun eta duintasunaren oinarrien gainean. Adinekoen egoitzetako, hezkuntzako edo osasungintzako plantillen borrokek, Ostalarien, pentsiodunen, mugimendu feministaren eta beste hainbeste herri-mugimenduen borrokek ezartzen dituzte etorkizuneko Arabaren oinarriak.

 

Trantsizio sozioekologikoak blaituko duen eraldaketak markatu beharko du hurrengo urteetako agenda: berriztagarrien zabaltze planifikatua, mugikortasuna, industria, nekazaritza, pertsonen zaintza, sistema publiko indartsua, herritarren arteko eskubide berdintasuna, kontsumo eredu eta ohitura berriak, ondare naturalaren eta kulturalaren babesa eta guzti hori bideragarri egingo duen zerga politiko justua… elkarlotuta dauden ekosistema baten elementuak baino ez dira. Urteetako politika okerren ondorioz larriki gaixotuta dagoen ekosistema. Politika eta eredu berrien beharra duen ekosistema, osatuko bada.

 

Azken urtean askotan errepikatu dugu euskal gizartea pandemiak eragindako kolpearen ondoren jaikiko dela. Gaitasun eta adimen kolektiboa sobera dugula horretarako. Baina, jaikitzearekin batera, norabidea aldatzea ezinbestekoa da. Agortua da merkatu libre globalaren eredua. Aspaldi esan genuen hondamendira eramango gintuela eredu honek eta, egun, agerikoa da amildegiaren ertzean orekak egiten dabilela mundua.

 

Hala ere EAJren Gobernuek ez ikusiarena egin eta iraganeko ereduei lotuta jarraitzen dute. Azken adibidea: Araban energia berriztagarrien zabalpenaren inguruan piztutako eztabaida. Etekin azkarren bila enpresa ezberdinak garatu nahi dituzten egitasmoak ugaltzen ari dira egunero herrialdean. Aurreikuspenik gabe, planifikaziorik gabe, goizero, gosaltzeko egitasmo berri bat. Benetan ez dute ezer ikasi urte luze honetan? Merkatua ez da autorregulatzen. Merkatuak dena irensten du muzkin ekonomikoen gurpil zoroan. Instituzioek euren betebeharrari heldu behar diote, sen onaren izenean eta gehiengoaren mesedetan planifikatu. Estrategiak definitu, adostasunak ehundu eta planifikatu, planifikatu eta planifikatu.

 

Eta hori ederki ulertu dute azken hilabeteetan Arabaren ondare naturalaren defentsan eta arrazoizko trantsizio energetiko baten alde mobilizatu diren herritarrak. Kontrol eta planik gabeko parke eoliko eta soro fotoboltaikoen aurka Lautadan, Mendialdean, Añanan edota Gorbeialdean altxatu diren herritarrak. Benetan, gezurra dirudi trantsizio energetikoa bezalako gai funtsezko, sentsible eta garrantzitsu batetan gauzak horren gaizki egin izana. Nahita ere ezin dira gauzak horren gaizki egin.

 

Bitartean EH Bilduk “Araba Zero Karbono” trantsizio energetikorako plana garatu du eta proposamen zehatza luzatu die Arabako eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei. Herrialdearen etorkizunaren aldeko akordio bat hitzartzeko proposamena. Urtebeteko epean trantsizio energetikoa burutzeko ibilbide horri bat adosteko gonbita luzatu du EH Bilduk. Estrategia, plana, helburuak eta mekanismoak adosteko gonbita. Eta deskarbonizaziorako gutxieneko akordio hori ez dagoen bitartean dimentsio handiko energia ekoizpen proiektuen baimenak geldiaraztea ere proposatu du EH Bilduk. Arabak merezi du. Belaunaldi berriek merezi dute.

 

Norabidea aldatu beharra dago. Tokian tokiko elkarlan eta ezagutzatik eta norabide berdinzale-eraldatzailetik, hau da, burujabetzatik eta ezkerretik. Burujabetzatik eta ezkerretik soilik garatu daiteke etorkizun oparo bat bermatuko duen eredua. Norabide aldaketa gidatu behar duten oinarri eta printzipioak honezkero hegemonikoak dira Arabako gizartean, gehiengoak konpartitzen ditu jarrera berdinzaleak, feministak, ekologistak, justizian sozialaren aldekoak… Gakoa gehiengo sozial horiek boteretu eta hegemonikoak diren gizarte balio horiek eraikuntzaren gidalerro bilakatzean datza.

 

Preso eta iheslariak Euskal Herriratze bidean urratsak, urrats geldoak, baina urratsak ematen ari diren garai hauetan, bada ideia hau ondo jasotzen duen Joseba Sarrionaindiaren 1995eko olerki bateko esaldi bat. Gerora Ruper Ordorikak kantu bihurtu zuena. “Poesiaren gauza galdua” da olerkia eta honela dio esaldiak: “Ekin dezagun harik eta gure aberri eta sasoiaren tankerako hitzak aurkitu arte, munduarekin, mendearekin, jendearekin nahasteko modukoak”

 

Bilatu ditzagun hitz horiek. Bilatu ditzagun eta jar ditzagun gizarteari segurtasuna eta konfiantza emango dien egitasmo alternatibo eraginkor batetan. Eta bildu ditzagun egitasmo horren inguruan sektore eraldatzaile ahalik eta gehien.

 

Hori da gure buruari jartzen diogun erronka hurrengo urteei begira. Olatu berdinzale bat eraiki eta gizartearen gaitasunak etorkizun oparo baten eraikuntzaren mesedetan jarri. Horretan jarriko ditugu gure ahalegin eta indarrak… Irlandarrek erabiltzen duten esaldia eguneratu dezagun: heldu da gure eguna. Heldu da herritar xumeen eguna.