AKTUALITATEA


| 2022-04-29 11:10:00

1976ko martxoaren 3an Espainako Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoa odolez markatu zuenetik, biktimek merezi duten egia, justizia eta ordaina lortzeko borrokak oztopoak, harriak, bete gabeko promesak, erdizkako egiak eta gezurrak topatu ditu bidean. Urte luzez, tokiko erakundeek bizkarra eman zieten. Baina biktimen eta eragile sozial eta sindikal batzuen borroka nekaezinari esker, gaur egun ia esparru politiko eta instituzional osoaren babesa dute.

Egia kontatzen, biktimak duintzen eta gogoeta eta eztabaida pizten lagundu behar duen elementuetako bat da sarraskiaren tokia martxoaren 3ko biktimen oroimenerako zentro bihurtzea, horrelako ezer berriro gerta ez dadin bermatuko duen elementuetako bat.

Eta hori lortzeko bidea ere ez da erraza izan. Baina egin dezagun memoria pixka bat. 2011ko udal eta foru hauteskundeekin batera, martxoaren 3ko biktimen oroimenerako gune bat sortzeko proiektu bat aurkeztu zuen Bilduk. Orduan, Asiseko San Frantzisko eliza erabiltzeak kimera zirudien, baina hiru urte geroago, eliza gurtzarako ixtea erabaki zuen Gotzaindegiak.

Harrezkero, ekimen ugari bultzatu ditu EH Bilduk erakundeek norabide horretan aurrera egiteko. Hain zuzen ere, 35.000 euroko partida bat sartzea lortu zuen 2016ko udal aurrekontuetan proiektua egiteko eta Gotzaindegiarekin akordioa lortzeko. Gero ez zen gauzatu partida hori. Garai hartan, jaiotza-erakusketa bat zegoen urte osoan zehar eta, dirudienez, ezin zen beste inon kokatu. Picassoren Gernika bezala. Bidean, Memoria Gara sortu zen, eztabaida hori bultzatu eta sozializatu duen ekimena, gizartearen eskaera islatzen duena eta, gerora, erakundeek ordura arte ezinezkoa zena onartzeko bidea eman duena.

Duela bi urte, egoera goitik behera aldatu zen. Sarraskiaren urteurrenaren atarian, erakundeek eliza oroimen-zentro bihurtzeko akordioa iragarri zuten. Biktimek, hori bai, prentsaren bidez izan zuten horren berri. Akordioa “asmo-protokolo” soil batean geratu zen, baina hurrengo urratsak iragarri zituzten. Udarako fundazioa eta patronatua eratuko ziren zentroa kudeatzeko, eta urtea amaitu aurretik ideia-lehiaketa bat deituko zen, oroimen-zentro horren edukien diseinuan aurrera egiteko.

Baina denborak bakoitza bere lekuan jartzen du, eta urtebete geroago ez da egin ez bata, ez bestea. Gotzaindegiak ez du Eliza laga, Fundazioa ez da eratu, Patronatua ez da sortu eta ideia-lehiaketa ez da deitu. Hala eta guztiz ere, 2022ko martxoaren 3an bertan, Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek irrati publikoko mikrofonoetan bertan esatera ausartu zen biktimen iritzia kontuan izango zutela, baina ez zutela botorik izango. Ordu gutxitan atzera egin zuen eta bere hitzak zuzendu zituen.

Horri buruz galdetuta, EAJren gobernuek ziurtatu dute dokumentazio asko behar duen lan itzel batean murgilduta daudela. Baina kontua da Arabako Foru Aldundiak hiru orri besterik ez dituela idatzita, 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa gogoratuz, eta ondorioztatzen duena fundazio bat sortzea formularik egokiena dela. Gasteizko Udalaren kasuan, espedienteak 16 orri ditu, 2021ean sinatutako asmo-protokoloaren hiru orriak barne.

Hori ikusita, ezin dugu utzi beste urtebete pasatzen. Martxoaren 3ko biktimek 46 urte daramatzate egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzen. Ezin dira utzi beste 46 urte pasatzen. Bada borondate politikoa, erakundeen inplikazioa eta gizartearen gehiengoaren babesa; urtez urte erakutsi du herri honek ez duela ahazten, herri honek ez duela egia ofizialean sinesten, eta merezi duela martxoaren 3ko biktimak aintzat hartzeko eta gogoratzeko lekua izatea.

Bienvenido, Francisco, Romualdo, Pedro Mari eta Josek merezi dute. Balaz zauritutako ehun pertsona baino gehiagok merezi dute. Gasteizek merezi du. Eta zentro hori guztion artean eraikiko dugu edo ez da izango.