AKTUALITATEA


| 2022-10-07 17:35:00

Politika zaharrek, betiko errezetek eta inertziek ez dute balio egun erronkei aurre egiteko. Mundua dagoeneko aldatu egin da eta gure hurrengo belaunaldiei etorkizun duina bermatu nahi badiegu neurri paliatiboak hartu beharko ditugu eta, horrekin batera, egiturazko neurriak ere bai. Hori izango da datozen hilabeterako gure ipar-orratza: egungo krisiak sortu duen egoerari aurre egiteko premiazko neurriak hartzea eta, era berean, egungo eredu sozioekonomikoaren eraldaketarako oinarri sendoak ezartzea.

Baina ezin dugu alde batera utzi udal eta foru legealdiak amaitzear daudela eta garaia heldu da legealdi berezi honen inguruko balantzea egiteko. Legealdi gogor eta nekagarria izan da hau. Non pandemia batekin hasi krisialdi baten erdian bukatu dugun eta, tartean, gure herrialdearen gabezi eta erronkak inoiz baino ageriago geratu diren.

Legealdia abiatu genuen hausnarketa bat eginez. Araban bada gehiengo abertzale bat eta bada beste gehiengo aurrerakoi bat. Lehenago edo beranduago artikulatu beharko diren bi gehiengo horiek aurrera egiteko bidea eman dezakete eta bietan ezinbestekoa da EH Bilduren parte hartzea. Hala ere, hauteskundeen ostean, PNV-PSE akordioa gailendu zen eta Gobernu ez abertzale ez aurrerakoia eratu zen. Abisatu genuen Gobernu horrek paralisira eramaten zuela herrialdea eta horrela gertatu da.

Legealdi honetan agerian geratu da eredu horrek blokeora daramala herrialdea. Aldaketa eta trantsizio garai hauetan, non ikuspegi estrategikoa eta proposamen ausartak beharrezkoak diren, inertzian oinarritutako gobernuek ez dute balio.

2020ko irailean hausnarketa sakona egin zuen EH Bildu Arabak. Ziklo aldaketa baten hasieran geunden. Arabako ehun ekonomikoak higatze zantzuak agerikoak ziren, zerbitzu publikoen urteetako degradazioak herritarren oinarrizko eskubideen bermean ondorio larriak izaten ari zen eta larrialdi klimatiko eta energetikoaren aurkako borrokak aldaketa sakonak eskatzen zituen. Heldua zen momentua Herrialdearen etorkizunaren inguruko hausnarketa eta proposamen estrategikoak egiteko. Araba birpentsatu beharra zegoen hurrengo belaunaldiei bizitza kalitate duina bermatze aldera. Eta horretarako ezinbestekoa zen elkarrizketa politiko-sozial bat abiatzea gako nagusien inguruan.

EH Bilduk bere aldetik legealdia probestu du bere herrialdearen inguruko hausnarketan sakontzeko eta eskaintza programatikoa indartzeko. Eta lan horrek bere fruituak eman ditu. Asko dira EH Bilduk egin dituen proposamenak zentzu horretan. Horien artean, Aiaraldeako egoera sozioekonomikoa berpizteko Ernaberri plana, Zaintzen arloan adinekoen kalitatezko arreta bermatzeko Bizi ON plana edota 2050erako herrialdearen erabateko deskarbonizazioa lortzeko arnas luzeko Araba Zero Karbono egitasmoa. Herri txikiak biziberritzeko Abagune plana edota Uztaraba Estrategia agroalimentarioa ere lanketa horren adibideak dira.

Guzti honekin legealdiaren azken kurtso politikoan sartu gara. Testuinguru oso konplexuan, energiaren prezioak disparatuta, bi zifra inguruko inflazioarekin, ondasunaren kontzentrazio geroz eta nabarmenagoarekin, larrialdi klimatiko eta energetiko bete tean, nazioartean tentsio gero eta ageriagoekin, gerra batekin Europako ateetan….

Hala ere, herrialdeak baditu azken hamarkadatan hartutako erabaki politikoen ondorioz, pilatzen joan diren bestelako arazoak: Industria eremuan erregai fosilen eta transnazionalen dependentzia ikaragarria, lehen sektorearen zailtasunak, zerbitzu publikoen prekarizazio progresiboa edota etxebizitza edota bestelako oinarrizko eskubideetara sarrera geroz eta zailagoa.

Orain bi urte hasi ginen erronka guzti hauei erantzuna emateko gure eskaintza programatikoa indartzen. Agerikoa da inertzian ezarritako, norabide ideologiko argirik gabeko eta lidergorik gabeko gobernuak ezin diela erronka hauei behar bezala heldu. Lidergo berriak eta gehiengo berriak beharrezkoak izango dira Arabako erronkei soluzio berritzaileak eskaintzeko. Gure aldetik orain arte garatutako eskaintza sozializatu eta landu gabekoa lantzen jarraitu beharko dugu herrialde proiektu integrala garatze aldera.

Edonola ere, krisi ekonomikoak sortutako egoera geroz eta larriagoari erantzunak ematea da EH Bildurentzat uneko erronka nagusia. Guk zerbitzu publikoak zein oinarrizko eskubideak defendatuko ditugu eta bizitza duinak bermatzeko beharrezko neurriak bultzatuko ditugu. Bizitzaren garestitzeak dakartzan desberdintasun sozialen sakontzearen aurrean, premiazkoa da gizarte-itun handi bat osatzea, euskal gizartea sostengatzeko eta etorkizunari ahalik eta berme sendoekin heltzeko gizarte-hausturarik gabe.

Etsipenaren aurrean, itxaropenaren bandera altxatuko dugu. Konponbidea egon badago eta guk konponbide berriak baditugu.

Badugu proiektua, badugu lidergoa eta badugu indar nahikoa aurrera eramateko!