AKTUALITATEA


| 2022-05-26 09:51:00

Gaur, maiatzak 26, hiru urte beteko dira azken udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik. Orduan, ohartarazi genuen Arabak erronka handiei eta eraldaketa sakonei aurre egin behar ziela, belaunaldi berriei etorkizun duina bermatzeko. Ikusi genuen lurraldean bi gehiengo eraginkor daudela zeregin hori kaudimenez betetzeko. Bi gehiengo, lurraldeak eskatzen dituen beharrezko aldaketen katalizatzaile izan daitezkeenak. Bata ezkertiarra eta aurrerakoia, bestea subiranista eta Euskal Herriaren aitortza nazionalaren aldekoa. Biek behar dute, ezinbestean, EH Bildu ordezkatzen duen ezkerreko espazio subiranistaren parte-hartzea, hura artikulatzeko.

Zoritxarrez, gehiengo haiek ez ziren artikulatu, eta EAJren eta PSEren arteko akordioaren aplikazio orokorra lurraldeko erakunde nagusietan euste-gobernuak eratu ziren. Gizarte eta nazio arloan egungo egoerari eutsi nahi dioten gobernuak, lurralde-proiektu argi eta partekaturik gabekoak eta gertatu den bezala, inertzia politikak garatzera bideratuta daudenak, beharrezko eraldaketa estrategikoei aurre egin gabe.

Orduan, Arabako sare sozioekonomikoaren higadura-sintomak sumatzen ziren arren, ezin genuen susmatu legealdi honetan gertatukoa. Pandemiak agerian utzi zituen osasun, hezkuntza eta zaintza sistemen gabezia guztiak, baita premiazko artikuluetan dugun ahultasuna eta mendekotasuna ere. Halaber, krisia eta ziurgabetasuna nagusitu dira herrialdeko industria  sektore nagusietan, hala nola automobilgintzan, aeronautikan, hodiaren sektorean edo lehen eta hirugarren sektoreetarako zailtasun handiak. Beste ebidentzia batzuk hauek dira: energiaren prezioa garestitzea, Europako gerra lehertzea, autoritarismoaren gorakada, inflazioa, eraldatze prozesu sakonak azkartzeko beharra (deskarbonizazioa eta klima erronka, ekoizpen prozesuen digitalizazioa eta automatizazioa…)

Zikloaren aldaketaren une historikoan gaude. Gero eta ahots gehiagok ohartarazten dute gure herrialdeak hainbat eremu estrategikotan duen posizio galera. Gero eta ahots gehiagok ohartarazten dute beharrezkoa dela berpizkunde sozial, ekonomiko eta kultural berri bat, gure errealitatetik, gure berezitasunetik, uneko erronka handiei erantzuna emango diena. Berpizkunde berri horrek, ikuspegi estrategiko sendoarekin, arabarren belaunaldi berrien ongizatea bermatuko duen etorkizuna eraikitzeko oinarriak finkatuko ditu. Eginkizun hori onartezina da gaur egungo euspen, jarraipen eta inertzia gobernuentzat; izan ere, hiru urteko agintaldiaren ondoren, eta iragarri arren, ez dira gai izan XXI. mendeko hiriek dituzten erronka handiei aurre egiteko lurraldearentzako plan sozioekonomiko bat eta trantsizio energetikoko plan bat edo proiektu bat eskaintzeko eta adosteko.

Izan ere, ezinbesteko zeregin horri beste atzerapenik gabe ekiteko, beharrezkoa izango da, zalantzarik gabe, dinamika agortuak gaindituko dituzten lidergo berriak, belaunaldien erronka nagusiei erantzungo dieten irtenbide berriak eta egin beharreko bide berria partekatuko eta sustatuko duten gehiengo berriak. Denbora faktorea funtsezkoa da une historiko honetan, eta hurrengo urteetan egiten denak, edo egiten ez denak, gure lurralderen etorkizuna markatuko du.

EH Bilduk aste honetan bertan plazaratu ditu ezker subiranistaren proiektu politikoaren buru izateko Araban proposatutako pertsonen izenak. Eva López de Arroyabe eta Rocío Vitero izango dira, hurrenez hurren, Arabako Ahaldun Nagusi eta Gasteizko alkate lehen emakumeak  izateko hautagaiak. Rocío Viterorekin batera Arabako hiriburuko alkateorde izateko proposatu da Unai Fernández de Betoño.

Hiru pertsona horiek, beren ibilbide profesional eta militanteagatik, baldintza egokiak dituzte lekukoa hartzeko eta EH Bilduren 11 urteko ibilbidean pertsonak eta lurraldearen politika publikoak erdigunean jartzeko egindako lan izugarriari jarraipena emateko.

Esperientzia eta prestakuntza frogatua duen belaunaldi berri bat ezkertiar espazio politiko subiranista zabaltzeko ez ezik, Araban herritarrei irtenbide berriak eskainiko dizkien gehiengo berriak artikulatzeko zereginaren buru izateko ere. EH Bildu urrats sendoak egiten ari da Gasteiz eta Arabarentzat etorkizun hobea lortzeko bidean.