AKTUALITATEA


| 2022-08-02 10:03:00

Klima aldaketaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira. Egunotan jasan dugun beroaldi itogarriak ohartarazten gaitu ,berandu izan baino lehen, neurri ausartagoak hartu behar ditugula larrialdi klimatikoaren aurrean. Testuinguru honetan Diputazioak aurkeztu digu Arabako Batzar Nagusietan Klima Araba, lurraldea 2050 urterako deskarbonizatzeko plana.  Txosten hau Mugarri plana ordezkatzera dator, baina, aurrekoa aho batez onartu zen bitartean, oraingoak PPren babesa baino ez du lortu. Zergatik gertatu da hori?

Hasteko, plana osatu bitartean buruturiko prozesu parte hartzailea oso eskasa izan da, eta ez du inola ere lortu estrategikoa den plangintza hau gizarteratzea edo interesik piztea. Oposizioko taldeekin ere ez da elkarlanik eman, eta egin den apurra presaka egin da.  Honekin batera, gogoratu behar da aurreko Mugarri plana 2009 urtean onartu zenean, orain bezala, kezka handia eta eztabaida ugari zeudela iragartzen ari ziren hamaika proiektu eolikoren aurrean. Horregatik, plan horretan adostu ziren kokapenetarako irizpideak leku antropizatuak lehenetsiz, salbuespen eremuak finkatuz, sorkuntza banatutako energia sustatuz…Zer egin du oraingo planak? Hau dena ezabatu. Hika-mika gehien sortzen duen gaia saihestu, Diputazioaren eskumena ez dela aitzakipean. Arabak ez du ezer esaterik honetan? Benetan?

Foru Gobernuak aurkeztutako planaren edukia aztertuta, egungo egoeraren diagnosi zabala eta klima aldaketari aurre egiteko eta bere ondorioak arintzeko ildo interesgarriak proposatzen ditu, baina urrun geratzen da klima larrialdiak eskatzen duenetik. Izan ere, azken boladan IPBES bezalako elkarte eta adituak mezu argia ematen ari dira, hots, lehenbailehen aldaketa sistemiko, sakon eta eraldatzaileak eman ezean, nekez saihestuko dugula kolapso klimatiko eta soziala. Klima Araba, tamalez, ez dago klabe horretan.  Konpromiso eta anbiziorik gabeko deklarazio berdetik gehiago dauka, benetako bide orri eraginkorretik baino.

Planak ez du helburuak neurtzeko eta ebaluatzeko adierazle zehatzik. Energia kontsumoa murrizteko neurriak ez dira batere ausartak. Horrela, kontsumitzaile eremu handienak diren  garraioa eta industria apenas ukitzen dira. Efizientzia energetikoaren arloan motz gertatzen da, eta guztiz epela da CO2ko isurketen murrizketari dagokionez. Pentsa, Europak eta Jaurlaritzak onartuak dute urtero %7 murriztea 2030 urterako %55 murriztapena lortzeko. Horixe zehaztea eskatu genuen enmendakin batean, bada ez dute onartu, eta horren ordez, urtero %5-eko murrizketarekin konformatzea proposatu dute. Horrela ez goaz inora.

Tokiko energia sorkuntza eta autokontsumoa energia sortzeko modu demokratikoena eta erresilinetea izanik, Diputazioa bezalako erakunde publiko batentzat lehentasunezkoa izan behar zen. Baina, tamalez, hori ez da islatzen plan honetan. Ez filosofian, ezta ekintzetan ere. Horrela, adibidez, 10 urtetan etxe-eraikinen teilatuetako %50ean eguzki plakak jartzeko aurkeztu genuen enmendakina, gainontzeko guztiak bezala, baztertu dute. Era berean, Arabako herriak komunitate energetikoak eta autokontsumo formulak sustatzeko oso aproposak izan arren, ez da apustu sendorik egiten. Badirudi Gobernu honi, “euskal”enpresa energetiko ezagun bati bezala, ez zaiola herritarren ahalduntze energetikoa gustatzen.

Foru Gobernuaren aldetik ahalegin handiagoa espero genuen gutxienezko puntu batzuen inguruan adostasuna lortzeko. Baina ez, akordio zabal bat  lortzea zapuztu dute. Aitortu behar da halere, ez gaituela sobera harritu energia arloan EAJ eta PSEk gidatutako erakundeen eguneroko politika kezkagarria eta okerra ikusita. Adibideak ez dira falta.

Negutegi efektuko isurketen eta energia kontsumoaren murrizte erritmoa motelegia da. Bioaniztasuna babeste politiketan epel ari dira.  Diputazioak zein Jaurlaritzak jarraitzen dute nekazaritza eredu agroindustriala intentsiboaren alde apustua egiten. Gai dira egun batean berriztagarrien alde agertzeko, eta hurrengoan, lotsatu gabe energia nuklearra eta gasa energia berde izendatzearen alde bozkatzeko. Berriztagarrietan zaila da gauzak okerrago egitea. Hiru urte hauetan bidea eman diote enpresa pribatuen hamaika makro proiektu eoliko eta fotovoltaiko jartzeari Araban, inongo planifikaziorik eta irizpiderik gabe. Far west estiloan. Batzuei alfonbra gorria jarriz, eta beste batzuei EVEren parte hartzea bermatuz.

Hala eta guztiz ere, Klima Araba planarekin begenuen esperantza txiki bat, eta 12 enmendakin aurkeztu genituen planaren gabeziak zuzendu asmoz. Alperrik izan da. Ez digute proposamen bakar bar ere onartu. Ondorioz, onartutako planak, gure ustez, ez du balio Arabaren deskarbonizazio lortzeko eta ezta larrialdi klimatikoari behar bezala erantzuteko. Aukera galdua, aukera zapuztua da plan hau.

Gai honetan ezin gara konformistak izan. Klima larrialdi honetan anbizioz jokatu beharra dago. Ez dago beste aukerarik. Araba erronka klimatikoaren abangordian ikusiko nahi genuke, baina tamalez, plan honekin Europako tropelaren azken postuetan jarraituko dugu. Ezin dugu, halere, amore eman. Bioaniztasuna babesten eta Araba zein Planeta ahalik eta azkarren deskarbonizatzen ahalegintzen jarraituko dugu. Ildo horretan, EH Bilduk bere proposamena egin du, Araba Zero Karbono eta herrialdeko eragile politiko eta sozialei deia egin diegu premiaz adostasunetara heltzeko. Tamalez, ez dugu erantzunik jaso. Baina ezin dugu denbora galdu, etorkizuna jokoan dugu eta. 

 

Kike Fdez de Pinedo.

EH Bildu Araba Batzarkide Taldeko bozeramailea.