AKTUALITATEA


| 2021-12-08 09:29:00

Azken asteotan, hitzetik hortzera dabil DOC Riojaren eta Arabako mahastizaintza eta ardogintza sektorearen artean zabaldutako gatazka. Zarata handiegia, ardogileek eta jabeek datozen belaunaldiei bizimodu duin eta etorkizunekoa uzteko mekanismoak bilatzera bultzatzen dituzten arrazoiak estaltzen saiatzeko. Titular handiak, bereiztearen eta erabaki propioak hartzearen aldeko bataila sektore baten eta eskualde baten biziraupenaren aldeko borroka baino ez dela ezkutatzeko.

Nork pentsa lezake mahastizaintza eta ardogintza sektoreak halako bide zail eta neketsua har dezakeela, euren bizimodua eta eskualdearen etorkizuna jokoan dagoelako ez bada? Nork pentsa lezake Arabako Errioxako enpresek DOC Riojari, enpresa-talde handiei, Errioxako erkidegoari eta, are, Estatuko gobernuari aurre egiteko prest daudela, ez bada behar-beharrezkotzat jotzen dutela bizirauteko? 

Errealitatea ameskeria horietatik urrun dago, eta askoz errazagoa da ulertzen.

Arabako Errioxa EAEren hegoaldeko muturrean dago; 11.000 pertsona inguru bizi dira bertan, eta bere egoeragatik eta Toloño mendilerroaren babesak emandako mikroklimagatik, mahatsa lantzeko baldintza ezin hobeak eskaintzen dituen lurraldea da. Botilaratutako ardoa saltzetik 300 bat familia bizi direla kalkulatzen da, eta beste 700en bat bizi dira ontziratu gabeko ardoa edota mahatsa saltzetik. Mahatsaren monokultiboagatik nabarmentzen den eskualdea da, beraz, Arabako Errioxa. Monokultibo horrek gaitasun produktibo ia osoa hartzen du eta, gainera, eskualdearen orografia dela-eta, lursail txikitan egiten da nagusiki mahastizaintza hori, terrazatan: horrek mahats-biltzea zaildu egiten du eta mahatsaren prezioa garestitu egiten du.

Jakina da Arabako Errioxa DOC Riojaren 3 azpi-zonatako bat dela; ezinbestekoa da ezagutzea, beraz, zein den Arabako Errioxaren papera kontseiluan, eta baita kontseilu arautzaile hori zehazki zer den ere. Rioja kontseilu arautzailea ardogintzako enpresa handiek gidatutako entitatea da egun, eta, beraz, azken urteotan bertan hartu diren erabaki estrategikoak (plantazioak, mahats-bilketarako arauak, sustapena etab.) enpresa handi horiek ezarritako interesekin lotuta daude erabat. Riojako banaketa hori nolakoa den ezagutzeko, nahikoa da esatea 14 upategiren artean saltzen dutela botilen % 50 eta, hurrengo 26 upategiak kontuan hartuz gero, botilen guztizkoaren % 80 saltzen dutela. Gainerako % 20a beste 400 upategi txikiren artean saltzen dute. Kontseilu arautzaileko ordezkaritza saldutako litro kopuruaren araberako dela oinarri hartuta, tronpatzeko arazorik gabe imajina dezakegu zein den upategi txikien papera DOC Riojan.  

Operadore industrial handi horiek aspaldi egin zuten apustua ekoizpen-bolumena handitzearen alde eta azken produktuaren eta mahatsaren prezioa jaistearen alde. Eta aspaldi geratu zen agerian Arabako Errioxa ezin dela lehiatu alor horretan. Arabako Errioxako lurretan ezin da mahats gehiago ekoitzi eta, bertako orografiagatik, Arabako Errioxako mahatsa ezin da lehiatu Ebro ibaiaz bestaldeko lur lauetako plantazio handiekin. Arabako Errioxak aukera bakarra du biziraupenerako: kalitate handiko ardoak ekoiztearen alde egitea, eta DOC Riojaren eta operadore handien estrategiatik bereiztea, amildegira baitaramate, bestela.

Bitartean, urtero gero eta gehiago dira ixtea erabakitzen duten upategi familiarrak eta gero eta handiagoa da ardogintza industria handiaren botila kopuruaren kupoa. Betiereko kontua da: egunetik egunera, gero eta operadore gutxiagoren esku daude gure eskualdeko mahatsak, ardoak eta mahastiak. Horrek despopulazioa eta gizarte-ehunaren galera elikatzen ditu, noski, eta horixe da gaur egun Arabako Errioxaren benetako drama.

Bereizteko beharra argia eta ezinbestekoa da, eta eskualdean bertan ere bada horren inguruko kontsentsu zabala. Lehenik eta behin, Arabako Errioxaren berezko ezaugarriengatik: Ebrotik iparrera eta Toloño mendilerroaren magalean, mahastiak lantzeko bereziki egokiak diren lurzoru bereizgarriekin, mundu mailako hainbat argitalpenek esan izan duten bezala. Bigarrenik, auzi soziokulturala dago: eskualdeko upategi txikien ehun soziala babestu behar da, egiteko modu tradizionalak, hala nola beratze karbonikoa, bertako jendea zaindu behar da, ohiturak, lurra lantzeko moduak… Azken batean, Arabako Errioxa zaindu eta ezberdindu beharreko ingurune kulturala da, bere horretan bizirautea nahi badugu.

Bereizte hori lortzeko bideaz, EH Bildun uste dugu Arabako Errioxako ehun sozioekonomikoaren eta bertako biztanleen balioa nabarmenduko duen edozein bide dela positiboa, eta horren alde egingo dugu, zalantzarik gabe. Badakigu ziurrenik bide egokiena dela DOC Riojarekin adostutako bereizketa, baita DOC barruko azpi-izendapena ere, izatekotan. Baina aspaldi geratu zen agerian DOC Riojarekiko akordioa lortzeko bideak blokeora garamatzala, eta blokeo horrek statu quo-a indartu egiten du eta Arabako Errioxa pobretzea dakar. Blokeo horren azken atala izan da autonomiaz gaindiko jatorri-deituren legea aldatzeko EAJren proposamena, bistakoa zena are eta ageriago utzi duena: DOC Rioja eta Errioxako gobernuak gerra-doinuekin erantzuten diote Arabako Errioxako upategien interesen aldeko edozein ekimeni, beti egin izan duten bezala eta beti egingo duten bezala. Ez dago elkarrizketa lasaia egiteko tarterik, ez dago akordiorako aukerarik. DOC Riojak mehatxu gisa hartzen ditu Arabako Errioxaren ezinbesteko beharrak.

Baina errealitate horren jakitun izateak ezin gaitu geldiarazi; aitzitik, aurrera egiteko aktiboa izan behar du. Ate bat ixten bada, Arabako Errioxak ate gehiago zabaltzen jarraitu beharko du, bere etorkizuna bermatzeko. Eta kasu honetan, etorkizuna bereiztearen sinonimoa da: bereiztea da erabakiak hartzeko burujabetza.