AKTUALITATEA


| 2022-11-28 10:46:00

Udazkenean sartu gara eta gure eskualdean udaberrian loratu behar zena zimelduta heldu da garai honetara. Izan ere, urtearekin batera amaitu zituen bere lanak Aiaraldea suspertzeko Eusko Legebiltzarrean sortu zen ponentziak. Bertan eskualdeko plan estrategikoa egiteko oinarriak ezartzen ziren eta, horrekin batera, berehalako jarduketa plan onartu zen. Guztira, 28 milioi euro inbertitu behar ziren horri esker eta eskualdea berpizteko hazia izan behar zen.

Ikusten denez, Berehalako Jarduera Planaren epeak ez dira betetzen ari, Plana 2022an hasi behar zen gauzatzen, baina ez da hala izaten ari. Arabako Foru Aldundiak 2022ko martxoan aurkeztu zituen 30 ekimenetatik bat bera ere ez dute gauzatu oraindik. Hori nahikoa ez balitz, proiektuetan aldaketak antzeman ditugu. Horren adibide izan da Aiaraldea Industrial Lab proiektua. Amurrioko Maskuribai industrialdean proiektatuta zegoen eta orain Reforren egongo da. Zergatik aldatu da kokapena?

Gure buruari ea proiektuak benetan leialak diren eskualdeko suspertze sozioekonomikoarekin eta enplegu-sorrerarekin galdetzen diogu. Zeintzuk dira oraingo eta etorkizuneko apustuak? Ez ditugu ezagutzen. Aurrera egiten ari al da Aiaraldea deskarbonizatzen eta ahaleginak bideratzen eredu ekonomiko zirkularragoa eta mendekotasun gutxiagokoa eraikitzeko? Ez. Gizarte-premia berriei erantzungo dien bilakaera sustatzen ari al da zerbitzuen sektorean? Ez.

Gutxi balitz, uda osterako izan behar genuen amaituta Eskualdeko Plan Estrategikoak. Aiaraldeak dituen arazo guztiak konponduko dituen plana izan behar du, hau da, gure eskualdearen etorkizuna zehaztuko duen dokumentua. Joan den irailean aurkeztu behar zen, baina ez da hala izan, eta okerrena, ez dugu horren gaineko berririk. Gainera, eragile eta erakunde guztiek parte hartuko duten plan partekatua izan behar du, eta ez da horrela izaten ari.

Bitartean, gure eskualdeko egoera sozioekonomikoak ez du hobera egin. Dendak ixteko boladari eskualdeko hainbat enpresatan kaleratzeko mehatxuak gehitu behar zaizkio. Aiaraldeak langabezia-tasa oso altua du; Amurrio da langabezia-tasa handiena duen Arabako lehenengo udalerria, eta EAEko bigarren udalerria 10.000-40.000 biztanlerekin: % 14,43. Laudiok jarraitzen dio Arabako rankingean, % 11,75ekin.

Hortaz ezin dugu beste urtaro bat pasatzen utzi. Premiaz ekin behar diogu Berehalako Jarduketa Planari. Eta premiaz amaitu eta partekatu behar dugu Plan Estrategikoa. Aiaraldeko ehun sozioekonomikoa XXI mendeko erronketara egokitu behar da. Soilik erronka berriei heltzen badiegu gure eskualdea loratuko da.