Orereta-Errenterian egin du Gipuzkoako ekitaldi politikoa EH Bilduk azaroaren 23an. Kongresurako Gipuzkoako zerrenda buru Oihana Etxebarrietak, Kongresurako hautagai Gorka Elejabarrieta eta Kongresurako hautagai eta Orereta-Errenteriako alkate Aizpea Otaegik parte hartu dute bertan.
Oihana Etxebarrietak ilusioaren olatuan parte hartzeko deia egin die herritarrei, igandeko hauteskundeen atarian. «Gaurtik ostiralera bitartean, herri honen adimen kolektiboa antolatu behar dugu, zirrara, irribarrea eta esperantza Euskal Herriko kale, lantegi eta WhatsApp talde guztietara irits daitezen», adierazi du.
Ildo horretan, herritarrak EH Bilduren ekimenera batzera eta «Euskal Herria eta bertako herritarron eskubideak defendatzen dituen komunitatean» parte hartzera gonbidatu ditu. «Historiaren parte izateko gonbita egiten dizugu. Historia ez baitago idatzita, eta EH Bilduren aldeko botoak gauza asko alda ditzakeelako», azpimarratu du.
Etxebarrietak bloke erreakzionarioari aurre egiteko EH Bildu bermea dela defendatu du, eta botoa koalizio subiranistaren inguruan biltzeko eskatu du. «Euskal Herrian bloke erreakzionarioa garaituko dugu irribarre batekin. EH Bildu da bloke erreakzionarioa eserlekurik gabe uzteko boto ziurra, eta EH Bildurekin soilik izango da posible gehiengo aurrerakoia osatzea», adierazi du. Horregatik, igandean herritar guztiei masiboki bozkatzeko eta boto guztiak EH Bilduren alde biltzeko deia egin die.
Bestalde, Gorka Elejabarrietak pentsiodunak, emakumeak, gazteak eta langileak izan ditu gogoan. «Astelehena da gaur, pentsiodunek kaleak hartzen dituzten eguna. Gaur ere alboan izango gaituzte. Asteazkenean ere kalera irtengo gara, indarkeria matxistarekin amaitu behar dela ozen aldarrikatzeko. Eta igandean bozkatu egingo dugu», gogorarazi du.
Elejabarrietak nabarmendu du igandeko botoak Euskal Herria eta bertako herritarrak defendatzeko balio behar duela, baita herritarren eguneroko arazoei erantzuteko ere: etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, prezioak jaisteko eta soldatak duintzeko.
«Gehiago egiteko, gehiago izan behar dugu. Ez gara konformatzen eskuin muturra geldiaraztearekin. Guk ezkerreko politika anbiziotsuak egin nahi ditugu», adierazi du. Horretarako, azken urteotan Madrildik Euskal Herrira ekarritako lorpenetan sakontzeko beharra aldarrikatu du.
Azkenik, EH Bilduren aldeko botoa aurrera egiten jarraitzeko bermea dela defendatu du. «Boto ziurra delako. Batu eta biderkatzen duen ezkerra garelako: 0 kilometrokoa, zintzoa, lan asko egiten duena eta zarata gutxi ateratzen duena», esan du.