AKTUALITATEA


| 2026-11-23 11:34:00

Donostiako Udalak, behingoz, La Cumbre jauregiaren doako eta behin betiko lagapena gerta dadin eskaera formala egin dio Espainiako Gobernuari.

Berri pozgarria da, aspaldi espero genuena. Euskal Herria Bilduk gaiarekiko eta elkarte memorialista zein bertan torturatutako lagunen senitartekoekiko konpromisoa berretsi nahi dugu, gaur eta hemen, eraikinaren ondoan, azken hiru urte hauetan jarri diren oztopoak oztopo, lortu dugulako helburua. Legealdia bukatzear dagoenean, onartu da EH Bilduren proposamena eta adostasuna dago.


Kongresuko EH Bilduren bozeramaile ohi Mertxe Aizpuruak Nerea Kortajarena Donostiako alkategaiarekin batera astelehen goiz honetan eraikinaren atarian eskaini duen agerraldian adierazi duenez, «Madrilen azken urteotan egin dugun lanaren barruan, gai honek, garrantzia berezia du guretzat. Konpromisoz eta arduraz landu dugu, uste dugulako gure herriaren memoriak, torturak jasan dituzten pertsonenak eta haien senitartekoek orduan bezala urte hauetan guztietan sufritu dutenak aitortza eta erreparazioa merezi dutela».


Euskal Herria Bilduren aburuz, proiektu hau memoria inklusibo, plural eta partekatu baten ikuspegitik landu behar da, kontakizun bakar bat inposatzeko asmorik gabe. Horretarako, ezinbestekoa izango da biktimen senitartekoen, elkarte memorialisten, adituen eta herritarren parte-hartzea, La Cumbre Donostiarentzat ez ezik, Euskal Herri osoarentzat erreferentziazko memoria eta bizikidetza gune bihur dadin.

Aukera badugu orain horretarako, elkarlanean, La Cumbren torturatuak izan zirenen senideek eta talde memorialistek egindako eskaerak beteko direnaren berme izango gara.

Kortajarenak bere aldetik esan duenez, «nabarmena» izan da gai honetan Donostiako udal gobernuaren eta alkatearen «borondate falta». «Baina, aurrera begira jarri nahi dugu eta baikorrak gara hemendik aurrerakoa bide onetik joango dela», berretsi du.


Lagapena formalizatzea da lehentasunezkoa eta ondoren eraikinean ezarriko den proiektua lantzea, aditzera eman duenez. «Uste dugu aukera ona dela donostiarrentzat esanahi berezia duen eraikina hiriarentzat berreskuratzeko. Izan beharko lukeela segurtasun-indarrek egindako giza eskubideen urraketak ezagutzeko».


Donostiako EH Bilduren alkategaiak esan du hori guztia dokumentatuta izatea ezinbestekoa dela «historia ahaztuta gera ez dadin». Eta noski, herritarrekin eta eragileekin batera landu behar da eta behin proiektua martxan jarrita ere herritarrentzat irekia izan beha duela, hiriarekin konektatuta egon behar duela.


«La Cumbreko proiektuak, ordea, ez luke oroimen historikoa gordetzeko espazio hutsa izan behar. Egia, aitortza, justizia eta erreparazioa bermatzeko tresna ere izan behar du. Izan ere, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko ezinbestekoa da indarkeria guztien biktimen eskubideak aitortzea, inor baztertu gabe eta sufrimenduen arteko hierarkiarik ezarri gabe», defendatu du.

Era berean, La Cumbreko historiak Estatuaren aparatuen bidez gauzatutako tortura eta giza eskubideen urraketak argitara ateratzeko balio behar du. Horretarako, ezinbestekoa da dokumentazioa berreskuratzea, egia ezagutzeko eskubidea bermatzea eta erantzukizunak argitzea. Memoria ez baita soilik iragana gogoratzea, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin berme demokratikoak eraikitzea ere bada.