AKTUALITATEA


| 2026-11-21 11:14:00

Oihana Etxebarrieta eta Maddalen Iriarte izan dira Usurbilen egindako ekitaldi politikoaren hizlari nagusiak. Ekitaldian, gainera, Mertxe Aizpurua herrikideari aitortza egin diote, azken urteotan Kongresuko bozeramaile bezala egindako lanagatik.

EH Bilduk Gipuzkoako ekitaldi politikoa egin du gaur Usurbilen, azaroaren 29ko hauteskundeen atarian. Bertan, Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak hartu dute hitza. Biek ala biek azpimarratu dute datozen hauteskundeetan EH Bilduren aldeko botoa biltzearen garrantzia, aurrerapauso sozialak bermatzen jarraitzeko eta beste politika bat posible dela erakusteko.

Oihana Etxebarrietak gogorarazi du azaroaren 29ko hauteskundeak hauteskunde-ziklo baten abiapuntua direla, eta ezker subiranistak ziklo horretan protagonista izateko duen gaitasuna nabarmendu du. «Oker geundeke Madrilen dena hasi eta bukatzen dela pentsatuko bagenu. Guk partida Euskal Herrian jokatzen dugu», adierazi du.

EH Bilduren jarduteko modua ere aldarrikatu du Etxebarrietak: «Jendeari begietara begiratzen dion politika, kilometro zerokoa, administrazio kontseiluetan edo ate birakarietan etorkizunik bilatzen ez duena». Haren hitzetan, «batzen eta biderkatzen duen ezkerra gara, zarata gutxi atera eta lan handia egiten duena». Horregatik, azaroaren 29an EH Bilduren aldeko botoa biltzeko deia egin du, «argi erakusteko: baietz, beste politika bat posible dela».

Maddalen Iriartek, bestalde, azken urteotan EH Bilduk Madrilen egindako lana eta lortutako aurrerapausoak nabarmendu ditu. «Herri honetako jendeak badaki EH Bilduk hitz egiten duenean berri onak emateko dela», adierazi du. Besteak beste, eskubideetan eta askatasunetan egindako aurrerapenak, industriaren bultzada, pentsioen duintzea eta etxebizitza-eskubidearen defentsa aipatu ditu.

Hala ere, Iriartek argi utzi du bide horretan aurrera egiten jarraitu behar dela, eta horretarako herritarren babesa behar dutela. «Azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egin behar dugu, eta horretarako zure botoa behar dugu», esan du. Era berean, EH Bilduren presentzia ezinbestekotzat jo du aurrerapen sozialak ahalbidetuko dituen gehiengoak osatzeko: «EH Bildurik gabe ez dira kontuak ateratzen». Iriarteren arabera, EH Bilduren eskutik, «hilaren 29an eta 29tik aurrera, berri onak biderkatuko dira».

Ekitaldian, halaber, Usurbilgo herritarrek aitortza egin diote Mertxe Aizpurua herrikideari, azken urteotan Espainiako Kongresuan EH Bilduren bozeramaile egindako lanagatik. Aitortza Agurtzane Solaberrieta herriko alkateak eman dio.