Zarautzen egin du Gipuzkoako ekitaldi politikoa EH Bilduk azaroaren 20an. Kongresurako Gipuzkoako hautagai Oihana Etxebarrietak, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza eta Itziar Murua legebiltzarkidea izan ditu ondoan.
EH Bilduk azken urteotan lortu dituen emaitzen inguruan hitz egin du. “Ezker subiranistari esker ari gara tentsiopeko eremuez hitz egiten, pentsioen %15eko igoeraz, aberatsei ezarritako zergez, kulturaren funtsezko ondasun izaeraren aitortzaz, Memoria Demokratikoaren Legeaz, eskumenen-transferentzien inguruan, amiantoaren biktimentzako eta euskal unibertsitateentzat lortutako laguntzez, etab. luze bat. Honi eta gauza askoz gehiagori buruz”, esan du Oihana Etxebarrietak.
Ekintzek definitzen gaituzte. Apaltasun osoz esaten dugu, baina gehiago egin behar dugu, askoz gehiago: etxebizitzaren arazoari konponbidea eman behar diogu, soldatak igo eta prezioak jaitsi, eta pentsioak bermatu.
Horretarako, indar eta ausardia handiagoa behar dela aldarrikatu du Etxebarrietak. “Euskal Herria Bildu gehiago behar dugu. Aurrerapausoak bermatzeko gai izango den gehiengoa behar dugu, eta gehiengo hori gauzatzeko berme bakarra EH Bilduren aldeko botoak biltzea da. EH Bildurik gabe, ez dago politika aurrerakoirik”, gehitu du. EH Bildurik gabe, zenbakiek ez dutela ematen ere azaldu du Etxebarrietak eta hori esaterakoan eraginkorrak izateaz ari garela azaldu du. “Gure herriaren, Euskal Herriaren, langileen, gazteen, pentsiodunen eta emakumeen defentsan. Zurekin kontatzen dugu. Posible egin!”, borobildu du Kongresurako Gipuzkoako zerrenda buru Oihana Etxebarrietak.