Xabi Lertxundik azpimarratu du bi egun baino ez direla geratzen eskaera egiteko, eta boto guztiak beharrezkoak izango direla ultraeskuina geldiarazi eta euskal herritarren eskubideak defendatzeko.
EH Bilduk azaroaren 29ko hauteskundeetan botoa aurrez aurre emateko aukerarik izango ez duten herritar guztiak animatu ditu posta bidezko botoa eskatzera. Izan ere, bi egun baino ez dira geratzen eskaera egiteko, eta koalizioak gogorarazi du boto bakoitza beharrezkoa izango dela ultraeskuina geldiarazteko eta gure herriaren eta gure eskubideen defentsan aurrera egiteko.
Xabi Lertxundik dei egin die beren bizitzak hobetzeko eta eskubide gehiago defendatzeko aurrerapausoak nahi dituzten herritar guztiei botoa ematera: gazteei, emakumeei, familiei eta langileei. «Euskal Herria Bilduri eman diezaiotela botoa, ez baitira damutuko. Ez diegulako hutsik egingo», adierazi du. Era berean, azpimarratu du ezin dugula aukera hau galdu, itxaropenaren bandera altxatzeko eta historia egiteko.
Lertxundik nabarmendu du azaroaren 29an euskal herritarrok aukera berri bat izango dugula gure eskubideak defendatzeko eta gure bizitzak hobetzeko. Aukera bat, Kongresuan eta Senatuan gehiengo plurinazional eta ezkertiar berri bat osatzeko, ultraeskuina geldiarazteko eta gure askatasunak eta gure herria errespetarazteko. «EH Bildu da hori lortzeko bermerik onena», adierazi du.
Ildo horretan, azken egunotan jasotako babesaren garrantzia azpimarratu du. «Larunbatean Bilboko kaleak duintasunez, konpromisoz eta itxaropenez bete genituen. Eta azaroaren 29an berriro egingo dugu, hautestontziak betez». EH Bildu euskal herritarren interesak hobekien defendatzen dituen zero kilometroko ezkerra dela gogorarazi du, atzerakoien aurrean euste-horma izateko gaitasuna erakutsi duena eta euskal gizartearen mesederako akordioak lortzeko gai izan dena.
«Erantzukizunez eta zintzotasunez jardun dugu beti. Hori da bereizten gaituena: politika beste era batera egiteko dugun gaitasuna, gure herriarekin eta gehiengo sozial eta langilearekin dugun konpromisoa», gaineratu du.
Azkenik, Lertxundik indarrak batzeko eta boto guztiak mobilizatzeko deia egin du. «Inoiz baino indar gehiago behar dugu helburu partekatu horiek lortzeko. Boto guzti-guztiak beharko dira faxismoaren aurkako harresia altxatzeko eta itxaropenaren olatua indartzeko. Inork ez dezala historia egiteko aukera galdu. Partida dagoelako, eta irabazi egingo dugu».
Horregatik, azaroaren 29an botoa aurrez aurre eman ezin duten herritar guztiei gaur bertan posta bidezko botoa eskatzeko deia egin die EH Bilduk, beren ekarpena egin eta ezker subiranistaren olatuarekin bat egin dezaten.