Aspaldi iritsia behar zuen albistea bada ere, ongi etorria dela esan du Kongresurako Gipuzkoako hautagai Gorka Elejabarrietak Irunen egindako ekitaldi politikoan.
"Aspaldi iritsia behar zuen albistea jaso dugu gaur", esan du Gorka Elejabarrietak. Donostiako Udalak, behingoz, La Cumbre jauregiaren doako eta behin betiko lagapena gerta dadin formalki eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Behar baino beranduago iritsi da, EH Bilduk duela hiru urte baino gehiago adostu zuelako lagapen hori Espainiako Gobernuarekin, Memoria Demokratikorako legearen tramitazioan. Nabarmena izan da gai honetan Donostiako udal gobernuaren eta alkatearen borondate falta. Baina, berandu datorren arren ongi etorria gaurko iragarpenari.
"La Cumbren torturatuak izan zirenen senideek, talde memorialistek eta EH Bilduk eutsi egin diogu eskaerari, lehentasunezkoa baita lagapena formalizatzea, eta ziurtatuko dugu egingo den proiektuak aintzat hartzen dituela berauen eskaerak", berretsi du Elejabarrietak.
Bidasoko ekitaldian, bestalde, Oihana etxebarrietak nabarmendu du hauteskunde orokorretako bozetarako hitzordua hurbildu ahala, bloke erreakzionarioak argi eta garbi adierazten ari dela: bere aurkari politiko eta hauteskundeetako lehiakide nagusia Euskal Herria Bildu dela.
"EH Bildu da bloke erreakzionarioari aurre egiteko, ordezkaritza parlamentarioa lehiatzeko eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan diputatuak eta senatariak lortzeko gaitasuna duen indarra. Azaroaren 29an jokoan dagoena da nork eskuratuko dituen eserleku horiek eta zein proiektu politikorekin. Bloke erreakzionarioak ala EH Bilduk. Hauteskunde hauetan hautatu egin behar da. Eta gu ziur gaude herri honek hautatzen jakingo duela, eta, horrela, bloke erreakzionarioa garaituko duela. Posible egingo dugu", aldarrikatu du.