AKTUALITATEA


| 2026-11-19 11:59:00

Arkaitz Rodriguezek herriaren aurreko belaunaldien konpromisoa eta borroka ekarri ditu gogora, eta botoa ematea etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizun ariketa dela nabarmendu du. Oihana Etxebarrietak, berriz, EH Bilduren indarra aldaketa politiko sakonagoak gauzatzeko bermea dela azpimarratu du.

EH Bilduk azaroaren 29ko hauteskundeetan parte hartzeko eta botoa emateko deia egin du. Arkaitz Rodriguezek eta Oihana Etxebarrietak hauteskunde-kanpainaren azken txanpan egindako adierazpenetan, botoaren garrantzia eta EH Bilduk herriaren etorkizunean izan dezakeen eragin politikoa nabarmendu dituzte.

Arkaitz Rodriguezek Johan Cruyffek 1992ko Champions Leagueko finalaren aurretik Bartzelonako jokalariei emandako mezua ekarri du gogora, hauteskunde-egunari begirako gogoeta egiteko. Haren hitzetan, herri gisa gaur egun garena eta ditugun eskubideak aurreko belaunaldien konpromisoari eta borrokari zor dizkiegu.

«Ez ahaztu, une batez bada ere, izan zirelako garela, eta garelako izango direla», adierazi du Rodriguezek. Horregatik, botoa ematea etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizun ariketa ere badela azpimarratu du: «Haiengatik guztiengatik, baina, bereziki, izango diren guztiengatik egin dezakegun gutxienekoa botoa ematea da».

Horrenbestez, azaroaren 29an EH Bilduren botoa ematera joateko deia egin du, Cruyffen hitzak bere eginez: «Hartu EH Bilduren boto-papera, segi hauteslekura eta disfrutatzera. Disfrutatzera soilik ez; disfrutatzera eta irabaztera».

Oihana Etxebarrietak, bere aldetik, EH Bilduren indarra aldaketa politiko eta sozial sakonagoak gauzatzeko ezinbestekoa dela nabarmendu du. EH Bilduk herriaren eta herritarren interesak siglen interesen gainetik jartzeko erantzukizuna erakutsi duela adierazi du, eta bi eginkizun nagusi dituela azpimarratu: «Bloke erreakzionarioa erabateko irrelebantziara eramateko bermea izatea eta politiken ardatza ezkerrera mugitzeko giltza izatea».

Etxebarrietaren esanetan, EH Bildu indartsu bat beharrezkoa da bloke aurrerakoiaren politikak benetan aurrerakoiak izan daitezen bermatzeko. «Ez gara erdibidean geratzen, herritarrei baino ez gatzaizkielako zor», adierazi du. Horrez gain, herritarren botoarekin eraldaketa sakonagoak gauzatzeko aukera dagoela azpimarratu du: «EH Bilduri emandako botoa gehiago eta indar handiagoz egiteko bermea da».

Azkenik, Etxebarrietak argi utzi du EH Bilduk ez diela herritarrei sigla bati atxikitzeko eskatzen, baizik eta aldaketaren eta itxaropenaren aldeko apustuarekin bat egiteko: «Itxaropenaren olatuaren parte izateko aukera baliatzeko eskatzen dizuegu».