Gipuzkoako Batzar Nagusietan 2026ko aurrekontuei aurkeztutako erdibideko zuzenketak bozkatuta, EH Bilduren ustez agerian gelditu da Aldundiak ezker subiranistaren ekarpenak ez onartzeko egin duen hautua. Biderik errazena hartu du gobernuak, eta akordio merkea erdietsi Podemosekin.
EH Bilduren iritziz, 52,3 milioi euroko zuzenketa partzialek aukera ematen zuten aurrekontuak norabide sozialean eta estrategikoan sendotzeko, bereziki zaintza sistema publikoa indartzeko, mugikortasun jasangarria bultzatzeko, trantsizio energetikoan sakontzeko, gertuko elikadura sustatzeko, euskara ardatz estrategiko gisa lehen lerroan jartzeko eta etxebizitzaren arazoari heltzeko.
Aurkeztutako zuzenketa guztien aurka bozkatu dute ez soilik EAJk eta PSEk, baita Elkarrekin Podemosek ere. Azken honek, ulertzen zaila den akordioa sinatu du foru gobernua osatzen duten alderdiekin; izan ere, etxean senideak zaintzeagatik jasotzen diren prestazioak murriztu dituzte, baita adingabeen babeserako zerbitzuetan ere. Haritz Perez batzarkideak adierazi du “kezkagarria eta mingarria” dela 1.200 milioi euroko aurrekontu batean “murrizketak egitea hain justu babes handiena behar duten arloetan”.
Onartezina da EH Bilduren iritziz, gizarte politiketan inbertsioa lau haizetara zabaltzen den bitartean, gizarte politiketan murrizketak egitea.
Ezker subiranista hasieratik saiatu da aurrekontua hobetzen, herritarrei zor zaien errespetuagatik, eta lasaitasun horretatik jarraipen estua egingo dio ostiralean behin betiko onartuko den aurrekontu proiektuari.