AKTUALITATEA


| 2022-11-17 12:16:00

Gipuzkoarako estrategikoak diren gaietan akordiora heltzeko proposamena egingo dio bihar Foru gobernuari, 63.780.000 euroko hobekuntzan oinarrituta.

Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduko batzarkide taldearen bozeramaileak, gaur aurkeztu ditu EH Bilduren lehentasunezko edukiak bihar EAJren eta PSEren foru gobernuarekin egingo den bilerari begira. Izagirreren hitzetan, foru gobernuak 2023rako aurkeztutako proiektuak «ez die erantzuten Gipuzkoako erronka estrategikoei», eta «anbizioa falta zaio Gipuzkoan jauzi kualitatibo bat emateko».

EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, «legealdi honetan, pandemiaren eta Ukrainako inbasioaren ondorioek agerian utzi dute Gipuzkoaren zaurgarritasuna» eta «aurretik zetorren egoera areagotu» dutela gaineratu du. Neurri bereziak hartzeaz gain, beharrezkoa da «neurri sakon eta estrategikoak onartzea, etorkizuneko oinarria finkatzeko eta kanpo faktoreek Gipuzkoaren potentziala berriro hankaz gora ez jartzeko».

Izagirrek foru gobernuarekin akordioa «eremu estrategikoetan» lantzeko borondatea erakutsi du. Horretarako, biharko bileran, EH Bilduk «etorkizun sozioekonomikoa eta ongizatea bermatzeko proposamen politikoa» aurkeztuko du, «63.780.000 euroko hobekuntzan oinarritua». EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, «Gipuzkoan jauzi kualitatiboa emateko aukera dago, eta 2023ko aurrekontuetan islatzeko garaiz gaude».

Proposatutako neurri estrategikoak lau eremutan banatzen dira: ekonomia eta industria, zaintza, larrialdi klimatikoa eta fiskalitatea. 

Ekonomia eta industria (36.780.000)ekonomia suspertzeko jauzi kualitatibo bat ematea proposatzen du EH Bilduk, enplegu duina sortzeko, trantsizio ekologiko eta digitalerako (5.000.000€), enpresak lurraldean errotzea sustatzeko eta garapen agentziak indartzeko (8.500.000€). Gainera, 14 milioi gehiago proposatzen ditu I+G+i-rako, Europako herrialde aurreratuenen pare jartzeko. GFAren esku dauden enpresa eta zerbitzuetan, langileek gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea bermatzea proposatzen du.

Fiskalitatea: EH Bilduk politika fiskal justuaren alde egiten du ongizatea bermatzeko, banaketa politikak bultzatuezberdintasunak murrizteko. Horretarako aldundiak hurrengo hilabeteetan erreforma fiskalaren inguruko hausnarketa egiteko konpromisoa hartu behar du. Hausnarketa hori eman bitartean, hainbat neurri hartzea proposatzen du alderdi subiranistak, GFAk diru bilketa modu progresiboagoan egin dezan: indarrean dauden ezkutu fiskalekin amaitzea, eta Gipuzkoako gizartearen gehiengoak uste duenaren haritik, herritarren %1ak, 1.000.000 eurotik gorako ondarea dutenek, ekarpen handiagoa egin behar dute herritar guztion onerako.

Larrialdi klimatikoa (8.000.000€): aldundiak Gipuzkoako energia beharraren azterketa egin behar du EH Bilduren ekimenez. Ondoren, berriztagarrietan oinarritutako estrategia diseinatzeko konpromisoa ezinbestekoa da. Mugikortasunak eragin zuzena dauka larrialdi klimatikoan. Horregatik, garraio publikoaren aldeko apustua garrantzitsua da. Alde batetik, Gipuzkoako autobusen flota garraio jasangarrirantz gutxika aldatzea proposatzen du, 7.000.000 euroko inbertsioa bideratuz. Aldi berean, gipuzkoarrok garraio publikoa erabiltzeko duten ohituretan eragiteko tarifak moldatzeko milioi bateko inbertsioa proposatzen du.

Zaintza (17.000.000€): pandemiak zaintza erdigunean jartzearen garrantzia erakutsi du. Zaintza sistema integrala beharrezkotzat jotzen dutenez, zaindua eta zaintzailearengan lehentasuna jarriko duena. Bide horretan aldundiak neurri zehatzak hartu behar ditu, etorkizuneko zaintzaren erronkari heltzeko oinarri sendoak jartzeko helburuarekin.

Bestelakoak:

  • Alardea: EH Bilduk uste du 20 urteren ostean, GFAk eskuhartze zuzena egin behar duela Alardean. Ezin ulertzekoa da XXI. mendean emakumeak baztertzen dituen jaiak bere horretan jarraitzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin du onartu egoera hau luzatzea. Horregatik, aldundiak zuzeneko bitartekaritza egitea proposatzen du, 2023rako bazterketarik gabeko Alardea izateko helburuarekin. 

  • Euskal lurraldeen arteko lankidetza. Aldundiak Donostia-Baiona eurohiriaren agentziaz harago Euskal Hiri Elkargoarekin lankidetza hitzarmen estrategikoa martxan jartzea proposatzen du. Esparru anitzekoa, betiere garapen sozioekonomikoa, euskararen sustapena eta elkar ezagutza bultzatzeko asmoz. Horretarako, 2.000.000 euroko partida sortzea planteatzen du.

  • Foru funtsa: banaketarako irizpideak aldatzea mahaigaineratu du EH Bilduk, udalek diru gehiago jaso eta herrietan beharrezkoak diren inbertsioak egin dezaten: irizpide berriak ezarriz, udalerriaren egoera sozioekonomikoa edo udalerriaren beraren populazioaren banaketa bere lurrazalean.