EH Bilduk ohartarazi du Gipuzkoa ezin dela Ayesa-ITren erosketa operazio estrategikotik kanpo geratu, eta Foru Aldundiari zein Eusko jaurlaritzari eskatzen die lan egin dezatela Kutxa Fundazioak erosketan parte hartu dezan. Enpresaren etorkizuneko erabakietan Gipuzkoa ahotsik eta kontrolik gabe gelditzea arduragabekeriatzat jo du ezker subiranista.
Ayesa-IT gaur egun sektore teknologiko-digitalean Euskal Herriko enpresa handiena da, 2.000 langile ingururekin. EH Bilduren ustez, datozen urteetan sektore publikoaren eta industriaren digitalizazioan giltzarri izan daiteke, eta horregatik, erabakiguneetan egotea ezinbestekoa da. “Ez da nahikoa egoitza Gipuzkoan egotea; erabakimena eta kontrola ere lurraldean egon behar dira”, nabarmendu du EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek.EH Bilduren ustez operazio honetan itzalak daude, bereziki Teknei bazkidearen etorkizuneko rola ez dagoelako definituta, eta erosleek emandako informazioa ere ez delako gardentasunaren eredu izan, kontuan izanda gainera diru publikoa tartean dagoela. Hala ere, operazioa aurrera doala ikusita, zalantzak argitzeko eta etorkizunean benetako eragina izateko, Gipuzkoak bertan egon behar duela defendatu du Iriartek: “Ezin da eragin kanpoan bazaude”.
Ildo horretan, EH Bilduk salatu du egoera paradoxikoa dela: Kutxabankek edo Eusko Jaurlaritzak operazioan parte hartzen dutenean, gipuzkoarren dirua ere ari da inbertitzen, baina Gipuzkoak ez du kontrol zuzenik ez eta erabakimenik ere, Kutxa Fundazioa kanpoan gelditzen bada.
Horregatik, Gipuzkoako EAJren jarrera ulertezina iruditzen zaio EH Bilduri, eta Iriartek galdera zuzena egin die jeltzaleei: “Operazioa hain txarra bada, zergatik ez zitzaion erantzukizunik eskatu Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuari? Zer da, Donostian txarra eta Gasteizen ona? Eta operazioa hain kaltegarria bada, Kutxa Fundazioak ere ahotsa altxatu beharko zukeen Kutxabankek parte hartzea erabaki zuenean. Zer da, Donostian txarra eta Bilbon ona?”
Horiek guztiak, gainera, ez dira soilik EH Bilduren kezkak. Eta osoko bilkuran argi gelditu da, EH Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietako gehiengo zabalak babestu baita Aldundiari eta Jaurlaritzari honakoa eskatzea:
1.Gipuzkoak Ayesa-ITn erabaki ahalmena izan dezan lan egin dezatela, Kutxa Fundazioaren parte-hartzea sustatuz.
2.Ayesaren egoitza nagusia Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan mantendu dadin lan egin dezatela.
3.Gipuzkoan enpresa estrategikoen errotzea sustatu dezatela eta burujabetza teknologikoa indartu dezatela.
EH Bilduren ustez, operazioa oraindik ez dago itxita eta bazkide berriak sartzeko aukera badago datozen hilabeteetan. Horregatik, berresten du estrategikotzat jotzen den operazio honetan Gipuzkoak ezin duela erabakimenik gabe geratu.