AKTUALITATEA


| 2025-11-28 11:05:00

2026ko aurrekontuei zuzenketak aurkezteko epea amaituta, foru gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk negoziazio serio bat izateko jarrera proaktiborik erakutsi ez izanagatik eta dagokion arduratik erabaki du EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztea, negoziatzen jarraitzeko atea itxi gabe.


 

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Foru Aldundiaren 2026ko aurrekontuei, Gipuzkoako lehen indar politikoa izateak eta lurraldeko herritarren gehiengoa ordezkatzeak ematen duen arduratik. Hain zuzen, ardura horretatik azken asteotan EH Bilduk ahalegin zintzoa egin du Aldundiak aurkeztutako aurrekontua hobetzeko, ekarpen zehatzak eginez, eta herri-akordio zabalak josteko.
 

Aurrekontuen lanketarako prozesuan zehar, behin eta berriz gobernuari eskatutako informazio eskariak denboran berandu iritsi dira, eta nahikoa xehetasunik gabe. Aste honen hasieran bertan, esaterako, EH Bilduk, aurrez egindako galderen erantzunak jaso gabe ere, 52,3 milioi euroko proposamen integrala helarazi dio Aldundiari. Erantzuna ez da oraindik iritsi.

 

Beraz, lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du EH Bilduk, eta ildo horretan datorren astean aldundiko ordezkariekin bilduko da aurrekontuen gaia lantzen segitzeko. Baina, kontuan izanda gaur amaitzen dela zuzenketak aurkezteko epea, prebentzioz osoko zuzenketa aurkeztu du.
 

Ikusteko dago Aldundiak lurraldeko alderdi atzerakoi eta erresidualen eskutik egin nahi ote duen bidea, gipuzkoarren gehiengoaren nahiei bizkar emanda, eta aritmetika hutsera mugatuta.

 

Hori horrela bada, EH Bilduk berresten du ez duela inolaz ere babestuko zaintza sisteman aldaketa estrategikoak baztertzen dituen aurrekontu bat. Edo enpresa txiki eta ertainen akonpainamendu publikoa aintzat hartzen ez duena, edo euskara sustatzeko plan indartsu bat aurreikusten ez duena, edo etxebizitzaren arazoa konpontzeko konpromisorik jasotzen ez duena, besteak beste.

 

Hala ere, Aldundiak orain arte erakutsitako jarrera aldatzen badu eta negoziazio zintzo bati bide ematen badio, EH Bilduk osoko zuzenketa erretiratzeko konpromisoa hartzen du, gipuzkoarren beharrei erantzungo dien aurrekontua lortzea helburu hartuta.