Gipuzkoa

Albisteak

EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia berri batek baliorik gabe utzi du Zaldunbordako megaoutleta egin ahal izateko Hondarribiko Udalak egindako hirigintza plana


| 2020-06-12 18:03:00

Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra baliorik gabe utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Plan Orokor hori Zaldunbordako megaoutleta egin ahal izateko aldatu zuen Hondarribiko Udalak preseski.


EH Bilduren iritziz, albiste ona da sententzia hori, batez ere, eskualde horretako merkatari eta dendari txikien biziraupenerako. Horregatik, Hondarribian eta gainerako erakundeetan ardura politikoa duten guztiei eskatzen diegu Zaldunbordako obsesio hori behingoz alboratzeko eta sententzia ez errekurritzeko.


EH Bilduk sarri eskatu du Zaldunbordako proiektua gelditzeko. Azken aldiz pasa den astean bertan, Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, eta eskaerarekin bat egin zuten Elkarrekin Gipuzkoak eta PP alderdiak ere. Gasteizko legebiltzarreko aho batez onartutako legeari burla egin izana salatu zuen Juan Karlos Izagirre bozeramaileak, gogora ekarriz legea onartu bezperan eman ziola Hondarribiako alkateak hasierako onespena proiektuari, legetik salbuetsita gera zedin. “Hasita gaude erabakiak hartzen, epe motzean laguntzeko: autonomoak, dendariak, komertzio eta tailer txikiak, bertako komertzioaren aldeko kanpainak, bono-dendak, diru-laguntzak, ordainketa fiskala egiteko atzerapenak… Baina zertarako balio du honek guztiak, aldi berean, kalte neurtezina
egingo dien Zaldunborda bezalako proiektu bat onartzen badugu?”, adierazi zuen.


Gainera pandemiak iraun duen bitartean, proiektuak aurrera egin du. Zuhaitz-mozketak eta lurmugimenduak egin dira baimenik gabe, Udalak albo batera begiratzen zuen bitartean.