EH Bilduk ostiralean iragarri zuen negoziatzen jarraitu arren prebentzioz 2026ko aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko ziela. Gaur Aldundian bilera egin du, eta aurrekontuen prozesu osoan gertatu den eran, ez du neurriko erantzunik jaso aldundiko arduradunen aldetik, eta hortaz, eutsi egingo dio osoko zuzenketari.
Lehenago ere esan du EH Bilduk: aurrekontuak lantzeko prozesuan EAJk eta PSEk negoziazio serio bat izateko jarrera proaktiborik ez dute erakutsi.
Herritarrek hauteskundeen bidez emandako lekua aintzat hartuta arduraz jokatzen ari da EH Bildu, hain zuzen, ahalegin zintzoa egin du Aldundiak aurkeztutako aurrekontua hobetzeko, ekarpen zehatzak eginez, eta herri-akordio zabalak josteko.
Gaur, abenduak 2, egindako bileran ere, aurrekoetan gertatu den bezala, gobernuak ez dio EH Bilduk egindako proposamenari erantzun landu eta zehatzik eman. Beraz, prebentzioz aurkeztutako osoko zuzenketa erretiratzeko nahikoa arrazoirik ez dago gaur gaurko eta horri eutsiko dio EH Bilduk.
Ikusteko dago, beraz, Aldundiak lurraldeko alderdi atzerakoi eta erresidualen eskutik bidea egin nahi ote duen, gipuzkoarren gehiengoaren nahiei bizkar emanda, eta aritmetika hutsera mugatuta.
Hori horrela bada, EH Bilduk berresten du ez duela inolaz ere babestuko zaintza sisteman aldaketa estrategikoak baztertzen dituen aurrekontu bat. Edo enpresa txiki eta ertainen akonpainamendu publikoa aintzat hartzen ez duena, edo euskara sustatzeko plan indartsu bat aurreikusten ez duena, edo etxebizitzaren arazoa konpontzeko konpromisorik jasotzen ez duena, besteak beste.