Gipuzkoako egoitzetan gutxienez 111 pertsona hil dira, azken egunetan batazbeste 10-15 hildako egunero, eta joera hori eteteko neurriak ahalik eta azkarren hartzea beharrezkoa da, egun bakoitzeko biktima kopurua dagoelako jokoan. Egoera horri erabiltzaileek bizi duten bakardade egoera erantsi behar zaio; askok gaitzari senitartekoen bisitarik gabe egin behar izan diote aurre eta euren bizitzako azken unean ere ezin izan dute agurtu.
Covid 19ari aurre egiteko neurri eraginkorrak lehenbailehen adostu eta jarri behar dira martxan. Izan ere, egun ez dago arreta zuzeneko langile nahikorik adinekoentzako egoitza-zentroetan. Langile zuzkidura, gainera, desberdina da lurraldearen eta egoitza-zentroaren titulartasunaren arabera.
EH Bilduk eskaera egin du Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eska diezaioten EAEko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko 126/2019 dekretua berehala aldatu dezan erabiltzaileek jasotzen duten arreta zuzena nabarmenki igotzeko. Eta gauza bera egin dezala eskatzen dio EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari bere ardurapeko arreta-sareko egoitzetan eta egoitza publiko zein pribatuetan.
Horrez gain, pandemia hasi zenetik errepikatu dugun moduan, zentro guztietan beharrezkoak diren segurtasun-neurriak bermatzeko eta erabiltzaileei eta langile guztiei SARS-CoV-2 detektatzeko probak ahalik eta azkarren egitea eskatu dugu, eta test horiek maiztasun bat izan dezatela. Aldi berean, ikuskaritza plan berezi bat berehala martxan jartzea eta titulartasun pribatuko adinekoentzako zentroetan esku hartzea eskatu dugu, gomendioak, neurriak eta jarduteko arauak betetzen direla bermatzeko.