AKTUALITATEA


| 2024-03-22 13:10:00

Gipuzkoako Eudeleko Lurralde Batzordeak eta Gipuzkoako Foru aldundiak 1.100 biztanletik beherako udalerrien finantzazioa bermatzeko akordioa lortu dute. Akordio hori, funtsean, 1994az geroztik 15/1994 Foru araua behar bezala ez aplikatzetik dator, bertan jasotzen baita udalek jaso beharreko foru funtsaren % 1,2a tamaina horretako udalerriei dagokiela.

 

Herrialdean, 32 udalerriri eragingo die akordio horrek. Kontuan izan behar da, udal txikietan, aurrekontuaren zatirik handiena langileen eta funtzionamendu gastuetara bideratzen dela. Hemendik aurrera baliabide gehiago izango dituzte beraien zerbitzuak modu eraginkor eta efizientean emateko eta auzokideen eskaerei hobeto erantzuteko. 32 udalerri horiek guztiek portzentaje bera jasoko dute.

 

Udalek jasotzen duten foru funtsaren inguruan, hala ere, hausnarketa zabala egin behar da, eta hori bide baten hasiera izan dadin nahi du EH Bilduk. Gipuzkoako Eudelen ordezkatuta dauden ordezkariek jarraituko dute adostasuna oinarri hartuta bidea urratzen, gainerako erakundeekin elkarlanean.

 

Izaro Elorza Eudeleko Gipuzkoako Lurralde Batzordeko bozeramaileak eta Oñatiko EH Bilduren alkateak esan duenaren arabera, akordio hori eta hortaz udalerri txikiei dagokien nahikotasun finantzario hori etorri da Gipuzkoan legegintzaldi honetan dagoen udal errealitate berria kontuan izanda. Akordio honek udalen autonomia eta nahikotasun finantzariorako bidea markatzen du. Hasiera bat dela berretsi du.

 

Aipatutakoaz gain, “alkateek elkarrekin lan egiten dugu Gipuzkoako herritar guztiei mesede egingo dieten akordioak lortzeko, lurraldeko udalerri guztien aurrerabide sozial eta ekonomikoaren alde, txikienetik handienera. Udalak garen aldetik, helburu komunak ditugulako: gure herrien eta hirien ongizatean eta bizi-kalitatean aurrera egiten jarraitzea, inor atzean utzi gabe”, gehitu du Elorzak.

 

Hortaz, gaur lortu den akordio hori ez litzateke posible izango gaur egun Eudeleko Lurralde Batzordean dagoen ordezkaritza egongo ez balitz.