AKTUALITATEA


| 2026-10-23 08:14:00

Zerga-eredu bidezkoago baten alde egiten dugu, non turismoaren ekarpena bisitari bakoitzaren ostatu motara eta gastura egokituko den.

EH Bildu Getxon hainbat aldaketa proposatzen ditugu udalerrian turismo-tasa bat ezartzeko, turismo-eredu bidezkoago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko helburuekin. Gure ustez, Getxo bisitatzen dutenek beren egonaldiak sortzen duen eraginaren araberako ekarpena egin behar dute.

Proposamenak printzipio argi batean oinarritzen dira: ezin dute berdin ordaindu ostatu apal batean geratzen denak eta bost izarreko hotel batean luxuzko egonaldia egiten duenak. Horregatik, gurutzontziei, luxuzko hotelei eta turismo-apartamentuei gehieneko tasa ezartzea eskatzen dugu.

EH Bilduren iritziz, turismo-tasa progresibitate eta ekitate irizpideen arabera diseinatu behar da, ekarpena ostatu motaren eta egonaldiaren kostuaren araberakoa izan dadin. «Gehiago duenak, gehiago ordain dezala» da proposamen honen ideia nagusia.

Adibide batek argi erakusten du nola aplikatuko litzatekeen neurria: bost izarreko hotel batean egonaldigatik 1.500 euro ordaintzen dituen pertsona batek beste 58 euro ordainduko lituzke EH Bilduk proposatutako zenbatekoen arabera. Guztira, 1.558 euro ordainduko lituzke egonaldiagatik.

Gure ustez, kopuru hori igoera neurritsua da maila horretako ostatu bat ordaintzeko aukera duen pertsonarentzat.

Getxok aurrera egin behar du udalerriaren eta bertako bizilagunen ongizateari lagunduko dion turismo-eredu baterantz. Turismo-tasa tresna bat da bisitariek turismo-jarduerarekin lotutako gastu eta zerbitzu publikoen finantzaketan ere lagundu dezaten.

«EH Bildu Getxon defendatzen dugu turismoak herritar guztientzako onurak sortu behar dituela, eta haren ekarpen ekonomikoa modu bidezkoan banatu behar dela».