AKTUALITATEA


| 2026-03-26 09:18:00

Badator Korrika berriz, bi urteren ondoren, eta aukera paregabea dugu berriz ere euskararekin bat egin eta kaleetara euskararen aldeko aldarriak ateratzeko. Atharratzen ekin zion bideari martxoaren 19an Korrikaren 24. edizio honek, eta Bilbon topatuko du helmuga martxoaren 29an, “Euskara gara” lelopean.

24.edizio honek, gainera, badu bere berezitasuna gure herrian: izan ere, 2025. urtean zendu zen Irune Etxebarriari, korrikaren sortzaile eta sustatzaileari, omenaldia egin dio Itzubaltzeta-Romon AEKak. Euskal Herri osoan zehar, eta baita gure herrian ere, belaunaldiz belaunaldi egindako lanari esker ospatzen dira gaur egun korrika bezalako egitasmo aldarrikatzaile, eder eta arrakastatsuak; eta bizi osoan zehar euskararen militante izan diren horiei aitortza egitea da gutxienekoa.

Are, egungo egoeran berebiziko garrantzia du euskararen aldeko aldarrikapen nekaezin horrek. Euskararen aurkako oldarraldiaren testuinguruan, hizkuntza eskubideen alorrean atzerapausoak emateko arriskua ez da inolako huskeria. Alde batetik, azken asteetan jakin dugu oldarraldi hori uste baino antolatuagoa zegoela; eta beste alde batetik, nahiz eta tartean helegiterik ez egon, gurea bezalako udalerrietan hizkuntza-eskakizunak ez dira nahikoak euskal hiztunen eskubide linguistikoak bermatzeko.

Adibide zehatzak emanez, Getxoko Udalak pasadan urtean iragarritako Enplegu Eskaintza Publikoak 95 lanpostu beteko ditu, baina horietatik erdiek baino ez dute euskararen ezagutza eskakizuna jasoko; gainerakoetan, hizkuntza-eskakizunak atzeratu edo zuzenean ezarri gabe utziko dira. Honen aurrean EH Bildutik eskatu genuen, etorkizuneko lan-deialdi guztietan euskarazko eskakizuna derrigorrez ezartzea, normalizazio plana betearazteko baliabideak jartzea, eta udal-zerbitzu guztietan euskaraz eta gaztelaniaz artatzeko eskubidea bermatzea. Osoko bilkuraren gehiengoak ezezkoa eman zion proposamenari.

Honek bolo-bolo dagoen itxurakeriaren inguruko eztabaida ere ekartzen du gogora: zenbait eragilek euskararen kontra lan egiten dute —edo behintzat ez dute aldeko apusturik egiten—, eta gero argazkian agertu gabe geratzeak kezkatzen ditu. Euskararen normalizazio prozesuari korrikak erakutsi bezala behar zaio ekin, tipi tapa tipi tapa aurrera eta atzerapausorik eman gabe.