AKTUALITATEA


| 2025-02-03 12:44:00

 

Getxoko hezkuntza-zentroen inguruan mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko proposamena garatzen ari gara EH Bildutik. Getxon 18 ikastetxe baino gehiago ditugu, haurreskolatik hasi eta institutuetaraino, ia auzo guztietan: Zubileta, Azkorri, Andra Mari, Larrañazubi, Algorta, Romo, Areeta... Ikastetxe bakoitzak bere errealitatea badu ere, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, gehienak ez daude oinezkoentzako guneetan, eta horietako batzuetan pilaketak sortzen dira ikasleen sarreran eta irteeran, trafikoa, irisgarritasun-arazoak, arriskua, etab.

Bizikletaz heltzea, bestalde, oso zaila da gaur egun. Getxon dauden 18 ikastetxeetatik, Romon bakarrik da posible bidegorria erabiliz hezkuntza-zentrora heltzea. Gainerakoetan, bizikletaz sartzea ez da modu seguruan bermatzen, errepidetik edo espaloitik egin behar baita. Hainbat ikastetxek aldarrikatu dute jada premia hori, baina Udalak ez du eskaera hori aintzat hartu, oraingoz behintzat.

Egoera horren aurrean, EH Bildutik proposamen bat egiten hasi gara, hainbat aukera aztertu eta alternatibak proposatzeko: oinezkoentzako lehentasuneko guneak sortzea, plataforma bakarra, bidegorria eraikitzea, ordutegi ezberdinak erabilera ezberdinetarako, trafikoa mugatzea... Hori guztia, gainera, ikasleen autonomia bultzatzen jarraitzeko asmoz, ikastetxeetara modu seguru eta independentean sartu ahal izateko, eta ikastetxeen ingurunean eremu atseginagoak sortzeko. Proposamen hori ere inguruko bizilagunekin adostu beharko litzateke.

Horregatik guztiagatik, une honetan ikastetxeetako zuzendaritzen ekarpenak jasotzen ari gara, baita gurasoenak, ikasleenak eta auzokideenak ere. Ideia edo proposamenen bat izanez gero, getxo@ehbildu.eus helbidera edo Algortako Basagoiti etorbideko 67. zenbakian ireki berri dugun Bilgune berrira bidaltzea eskertuko genuke. Eskerrik asko!