AKTUALITATEA


| 2021-07-27 13:03:00

Uztail hasieran Getxon eta Uribe Kostan faxistek egindako margozketek agerian utzi dute faxismoari aurre egiten jarraitu behar diogula. EH Bildutik irmo salatu nahi ditugu eraso hauek: "zorras separatistas os vamos a violar" bezalako margozketa matxistak, gazte antolakundeei mehatxuak edota Algortako AEK-ko Lauaxeta euskaltegiaren pertsianan egindako pintadak. Aurrean izango gaituzue!

Zoritxarrez, beste behin ere, ez zen adostasunik egon Getxoko Udaleko bozeramaile batzordean. PPk hasieratik esan zuen ez zuela bat egingo adierazpenekin (frankismoa nostalgiaz oroitzen dute nonbait) eta gainontzeko alderdiek ez zuten onartu EH Bildutik aurkeztu genuen proposamena. Beste bat adostu zuten, gure ustez epelagoa, euskaltegiari beren-beregi babesik adierazten ez ziona eta faxismoari aurre egiteko inolako konpromisorik zehazten ez zuena. 

Guretzat ez du zentzu handirik adierazpen instituzionalak onartzeak konpromisoak hartu barik. Paperak dena eusten baitu. Hori dela eta, uztaileko osoko bilkuran bertan hainbat ekimen aurkeztuko ditugu gai honekin lotuta: Udalak urtero ekitaldi bat antolatzea errepresio frankistaren biktimak oroitzeko (tartean, Getxoko Udalean 1937. urtean kargugabetu ziren 42 langileak), Getxoko memoria historikoa lantzeko ikerketa-bekak abiatzea eta abar.

Oroimenik gabeko herria etorkizunik gabeko herria delako, Getxo antifaxista, euskaldun eta feministaren alde borrokan jarraituko dugu!