AKTUALITATEA


| 2021-04-19 09:57:00

Andra Marin, Romon, Algortan, Aldapan, Hezetasunan, Neguri Langilen, Areetan, Santa Anan, Portu Zaharrean... Getxoko auzo guztietako jaien antolaketan oinarrizkoa eta ezinbestekoa izan da eta izan behar da auzo desberdinetako jai batzordeek egiten duten lana.

Herri ekimenez sortzen dira, taldeak eta gazteak antolatzen dira euren auzoetan jai herrikoiak antolatzeko. Auzotar guztiei aisialdi eta jai egun batzuk eskaintzeko asmoarekin euren lan eta denbora borondatez jartzen dute, eta urtez urte oztopo berriak topatzen dituzten arren hor segitzen dute, herri honentzako aberastasuna sortzen.

Getxon jaiak antolatzeko dugun eredua altxorra da, zaindu beharreko altxorra. Jakin badakigu ez dela denon gustukoa, eta seguru gauzak hobetzeko dituela, baina altxorra da. Herritarren ekimen, antolaketa eta auzolanaren eredua, jarraitu beharreko eredua.

Pandemiak jaiak kendu zizkigun 2020. urtean, eta badirudi 2021. urtean ere ez dugula jairik izango. Egoera honetan ere, euren izateko arrazoia kolokan jarri denean auzo desberdinetako jai batzordeek eta Getxon osatzen duten Jai Batzordeen federazioak euren ardura eta heldutasuna erakutsi dute. Egoera ulertu eta gizarte osoaren ongizatearen alde egin dute eta aldi berean euren eredua aldarrikatu dute.

Espero dezagun 2022. urtean gauzak bere onera etortzea, beraz, eta egoera honen aurrean honako akordio proposamena luzatzen diogu osoko bilkura honi:

Getxoko Osoko Bilkurak aintzat hartzen du eta balorean jartzen du jai herrikoien eredua, eta batez ere auzo guztietako jai batzordeek urtero egiten duten lana eta konpromisoa. Zaindu eta indartu beharreko eredua dela uste dugu.

Getxoko Osoko Bilkurak eskertu nahi du betidanik jai batzorde desberdinek egin duten lana eta osasun egoera zail hauetan erakutsi dituzten ardura, tinkotasuna eta aurrera egiteko nahiak, oinarrizkoak izan dira Getxon osasun neurriak betetzeko eta gu guztion osasuna zaintzeko.

Getxoko Osoko Bilkurak azpimarratu nahi du Jai Batzorde desberdinen independentzia eta nortasuna oinarrizkoak direla jai herrikoien eredua indartzeko eta bizi irauteko.

Getxoko Osoko Bilkurak konpromisoa hartzen du, eta konpromisoa har dezala eskatzen dio Getxoko Udal gobernuari 2022. urtean, 2019. urtean jaien antolaketa laguntzeko eta jai batzordeak laguntzeko zegoen aurrekontua berreskuratuko duela dagokion KPI eguneratzeekin eta jai batzordeei ez diela inolako eskumenik kenduko aurreko jai ereduari mantenduz.