AKTUALITATEA


| 2021-07-21 11:13:00

Getxoko Udaleko bozeramaileen batzordean ez da akordiorik lortu asteburuan udalerriko eta Uribe Kostako hainbat lekutan agertutako margozketa faxistak baztertzeko. EH Bildutik akordio-proposamen bat aurkeztu dugu, hainbat puntu biltzen zituena: margozketa faxistak salatzea eta faxismoak gure herrian lekurik ez duela aldarrikatzea; Getxo feminista, euskalduna eta anitza eraikitzeko lanean jarraitzea, etab.

EH Bildutik nahi izan dugu adierazpen instituzionalak Algortako Lauaxeta euskaltegiari eta euskaltzale guztiei babesa adieraztea, margozketako bat euskaltegiko pertsianan egin baita. Halaber, Udalak euskararen aurkako erasoei aurre egitea eta euskararen normalizazioaren alde lanean jarraitzea proposatu dugu.

Zoritxarrez, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek uko egin diote euskaltegia modu zuyzenean aipatzeari, "Fadura bezalako beste gune batzuek ere pintadak jasan dituztela" argudiatuz. Baina zalantzarik gabe, euskaltegia erasotua izan da euskaltegi izate hutsagatik, eta gainera margozketa batzuk euskararen kontrakoak izan dira (horien artean, Fadurakoa). Are gehiago, EH Bilduk kaleratutako adierazpenean, "Getxo feminista, euskalduna eta anitza" aldarrikatzen dugu, eta Udal Gobernuak Elkarrekin Podemosekin onartutakoan, "Getxo feminista eta anitza" aipatzen da, euskarari eta euskaltegiari buruzko aipamen guztiak kenduz.

Era berean, EH Bildutik proposatu dugu Udalak urtero ekitaldi bat antolatzea gudari antifaxista guztiak gogoratzeko, memoria historikoa, aitortza eta frankismoaren biktimekiko erreparazioa bultzatzeko helburuarekin. Gainerako alderdi politikoek ere ez dute puntu hori babestu: EH Bilduk aurkeztutako adierazpenean ekintza zehatzak azaltzen ziren, eta Udalak onartutakoa, berriz, paper bustia baino ez da. PPk, bien bitartean, faxismoaren aurkako adierazpen guztiak baztertu ditu.

EH Bildutik faxismoari aurre egiten jarraituko dugu, bai erakundeetan, bai kalean, eta Getxo feminista, euskaldun, anitz eta antifaxista aldarrikatzen jarraituko dugu.

Eraso eta mehatxu guztien gainetik, gora Getxo antifaxista!