Urriaren 12aren harira, gure herriko gazteek Cristobal Colon izena duen kalearen plaka kendu zuten. Mezua argia zen: ez dugu onartzen gure kaleetan espainiar kolonialismo, sarraski eta herri eta kulturen zapalkuntzaren ikurrik. Guk bat egiten dugu mezu horrekin.
Urte asko dira latinoamerikako herrialdeetan Cristobal Colonen estatuak erasotzen, eraisten edota bertoko gobernuek kentzen dituztela. Urriaren 12ak Amerikan izaera anitza dauka, gero eta ohikoagoa izanik “Colonen Eguna” izatetik herri indigenen eta bertoko kultura eta historiaren aldarrikapen eguna izatea.
Urriaren 7ko 18/1987 legearen arabera hemen Hispanitatearen Eguna edo Espainiako Egun Nazionala “ospatzen da”, lege hau ezartzearen arrazoia honakoa izanik: “Urriaren 12ak efemeride historikoa sinbolizatzen du, zeinetan Espainiak, gure aniztasun kultural eta politikotik abiatuta Estatua eraikitzeko prozesu bat amaitzear dagoela, eta Espainiako erresumak monarkia berean sartzeak, Europako mugetatik haragoko hizkuntza- eta kultura-proiekzioaren aldi bat hasten duen”. Beste hitz batzuetan: inperialismoa eta kolonizazioa, zapalkuntza eta sarraskia, dominazioa eta bortxa.
529 urte dira Espainiako Inperioak Hego Ameriketako etnizidioa abiatu zuela. Eta 529 urteren ostean hala ospatzen jarraitzen da. Ukazioa eta inposizioa harrotasunez bizi duen estatua da Espainia. Hego Amerikan indigenak erail zituen supremazismo arrazistan baitu oinarri egun mugak itxi eta haien herrialdeetatik ihes egitera behartu dituen estatuak.
Cristobal Colon sinbolo bat bihurtu da, aurreko guztiaren ikur, horregatik uste dugu gure herriak ez duela bere izena duen kalerik eduki behar Hego Amerikako herrialde eta herritarrekiko errespetuagatik eta nortasun, hizkuntza, kultura eta historia propioa duten munduko herriekiko dugun begiruneagatik.
Hori guztia dela eta, honako akordioa proposatuko diogu Getxoko osoko bilkurari:
Cristobal Colon kaleari izen hori kendu eta prozesu partehartzaile baten bitartez erabaki dadila izen berria.