AKTUALITATEA


| 2021-04-22 10:12:00

Getxoko EH Bildutik hainbatetan aldarrikatu dugun bezala, ezinbestekoa da apurka-apurka gure herriko erdigunean espazioa irabaztea auto pribatuei. Kotxeek kaleetako jaun eta jabe izaten jarraitzen dute Getxoko kale eta bide gehienetan, eta bada garaia mugitzeko beste modu batzuei lehentasuna emateko: oinezkoak, garraio publikoa, bizikletak eta abar. Nazioartean hartzen ari diren erabakiak ere norabide horretan doaz, eta Getxo bezalako udalerrietan kotxeei mugak ezarri beharko dizkiegu  hurrengo urteetan.

Osasun-krisiak ere agerian utzi digu gero eta beharrezkoagoak ditugula oinez edo bizikletaz mugitzeko espazioak. Gure herriko bidegorri-sareari dagokionez, EH Bildutik hainbat ekarpen egin ditugu azken hilabeteotan: Errotatxuko zatia osatzea Berangorekin lotura egiteko; Algortako Sarrikobaso kalean bidegorria egokitzea goiko eta beheko bidegorriak lotzeko; Telletxe kaleko bidegorria konpontzea; Maidagan kalean bidegorria sortzea eta abar.

Areetako Kale Nagusiari dagokionez, Udalak asmoa iragarri du bertan plataforma bakarra sortzeko eta bizikleta eta autoentzako errepide partekatua ezartzeko, Algortako etorbideko ereduari jarraituz. EH Bildutik aurretik adierazi dugun bezala, erabaki hori ez da zuzena mugikortasunaren ikuspegitik, hainbat arrazoiengatik:

-  Norabide bakarreko errepideetan, beharrezkoa da autoak eta bizikletak bereiztea, bestela autoek markatuko dutelako zein den bizikleten norabidea. Hau da, gaur egungo norabidea mantenduko balitz, bizikleta batek ezingo luke Xake Plazatik Bizkaiko Zubira joan errepide horretatik.

- Segurtasunagatik. Errepidearen zabalerak horretarako aukera ematen duenean, komeni da bizikleten eta autoen joan-etorria bereiztea, seguruagoa baita herritar guztientzat.

Areetako Kale Nagusiak baldintza biak betetzen ditu: errepideak nahikoa zabalera izan dezake bizikleten eta autoen joan-etorria bereizteko eta pertsona guztien segurtasuna bermatzeko. Kale Nagusian bidegorria egingo balitz, posible litzateke adibidez Gobela kiroldegitik Bizkaiko Zubira igaro, edota Getxoko "eraztun" osoa bete eta Makaleta Etorbidetik Algortako Portu Zaharrera igaro Bizkaiko Zubitik pasatuz, dena bidegorri saretik irten gabe.

Udalak plataforma bakarraren proiektua mantenduko balu, ostera, ibilbide hori bakarrik kontrako norabidean egin ahalko litzateke, hau da, Bizkaiko Zubitik Xake Plazaraino, baina ez kontrako norantzan. Horixe bera gertatzen da gaur egun Algortako Etorbidean: Txiki Otaegi plazatik Telletxe kalera joateko, ezinbestekoa da kotxeen norantza jarraitzea, edo bestela espaloitik bizikletarekin joatea. Ez dezagun akats berbera errepikatu Areetan.

Horregatik guztiagatik, honako akordio-proposamena egiten diogu Getxoko osoko bilkurari:

- Getxoko Udalak konpromisoa hartzen du norabide biko bidegorri bereizitua sortzeko Areetako Kale Nagusian, erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko asmoz.