AKTUALITATEA


| 2026-04-17 10:00:00

Algortako Portu Zaharra, Getxoko bihotz historiko eta sinboloa, bidegurutzean dago, honen nortasuna desitxuratzeko arriskupean. Kontrolik gabeko gentrifikazio eta erakundeen utzikeriaren agertoki bihurtzen ari da auzotarrentzako izan beharko litzatekeen algortako portua.

Gentrifikazioa jada ez da urruneko mehatxua, errealitate nabarmena baizik. Auzoak pisu turistikoen ugaritzea eta auzo-bizitzaren galera pairatzen ditu. Kasurik nabarmenena Etxetxu eraikinarena da, udaletxearen egoitza zaharra eta udalerriaren ikurra. Onartezina da ataripe publikoa itxita egotea 2023ko azarotik, habe bat hautsi delako, negozio pribatuak bete betean funtzionatzen jarraitzen duen bitartean.

Horri beste elementu bat gehitu behar zaio: Ur Partzuergoak portuko aparkalekuan ponpaketa-hodiak berritzeko obrak. Euriteetan itsasora isuriak saihesteko beharrezkoak badira ere, lan horiek 18 hilabetez luzatuko dira eta horien inpaktua kezkagarria da: 25 aparkaleku kendu dituzte Portu Zaharrean, dagoeneko kolapso kronikoa duen eremuan.

Bertakoentzat ia ezinezkoa bihurtu da autoa euren auzoan uztea. TAO zerbitzua ordaindu arren, bisitariek espazio osoa okupatzen dutela ikusten dute, auto ilara etengabeekin eta espaloi eta bidegorrietan aparkatutako autoekin. Horri azpiegitura eskasak gehitu behar zaizkio, hala nola Portu Zaharreko igogailua, etengabeko matxurek are gehiago zailtzen baitute mugikortasuna.

Egoera horren aurrean, ez dira nahikoa berandu iristen diren "azterketa teknikoak". Eraginkortasuna erakutsi zuten neurriak berreskuratu behar dira, hala nola La Ola jatetxetik trafikoa bertan bizi direnei mugatzea. Pandemian zehar, murrizketa horrek oinezkoei protagonismoa itzuli zien eta haurrei autoen beldurrik gabe jolastea ahalbidetu zien.

Getxoko Udalak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu. Premiazkoa da auzo bizitza eta ondarearen babesa turismo ustiapenaren gainetik lehenetsiko dituen plan bat. Portu Zaharra ez da soilik turismo liburuxka bateko erreklamo bat; gure herriaren memoria bizia da, eta ezin dugu onartu obren eta axolagabetasunaren azpian hondoratzea.