Alangoko gasolindegi zaharrean kultur-areto berri bat sortzeko proiektua aurkeztu du Getxoko EH Bilduk. Gasolindegiak urteak daramatza inolako erabilerarik gabe, Algorta erdigunean, eta arriskua da Udalak gasolindegia botatzea eta etxebizitzak eraikitzea bertan.
EH Bilduren arabera, leku hori egokia izan zitekeen herriko artistentzat espazio berri bat sortzeko, are gehiago Udalak Torrene erakusketa-gela itxi zuenetik, bestelako inolako alternatibarik eskaini gabe. Proiektu honetan, gasolindegiko estetika mantenduko genuke eta bertan taberna, terraza, erakusketa-gela eta gradak sortuko genituzke. Espazio horretan kultur ekitaldiak antolatzeko aukera egongo litzateke: hitzaldiak, erakusketak, kontzertu akustikoak, proiekzioak...
Herriko artistentzako espazio hau, Udalak bultzatuko balu ere, herriko artistek kudeatuko lukete modu autogestionatuan, bertan sortuko litzatekeen barrarekin. Horretarako, prozesu parte-hartzailea abiatuko litzateke artistekin batera, eta baita inguruko auzokideekin ere, Alangoko beharrak ezagutu eta ahal den neurrian proiektuan integratzeko.
Halaber, Algortako etorbidean ere eraberritze-lanak egitea proposatzen du EH Bilduk; norabide bakarra ezarriz, trafikoa lausotuz eta oinezko eta bizikletentzako espazioa irabaziz. Horrela, Algorta erdigunean topaleku berri bat sortuko litzateke.
Proposamen hau otsaileko osoko bilkurara eramango du EH Bilduk, bertan bozkatua izan dadin.