Gasteiz

EH Bilduk funts ekonomiko berezi bat eskatu du garraio pubulikoaren defizitari aurre egiteko

Felix Gonzalez, Gasteizko EH Bilduko zinegotzia: "Garraio publikoa da oreka sozialari laguntzen dioten elementu nagusietako bat, eta horregatik, etorkizunerako inbertsio estrategikoez gain, beharrezkoa da garraio publikoa berehala 'erreskatatzea'"

| 2020-06-09 12:05:00

Covid-19 gaixotasunaren pandemiak hasiera batean mugikortasuna ia guztiz gelditu bazuen ere, gerora martxan jarritako deseskalatze prozesu mailakatuak bestelako ondorioak ekarri ditu mugikortasunaren arloan. Izan ere, pandemia gogor jotzen ari da garraio publikoan: hasiera bateko geldialdiaren ondorioz garraio publikoaren defizit ekonomikoa areagotu da, jarduera arruntari eusteko gastuarekin batera, diru-sarrerak asko murriztu egin direlako; gerora, inbertsio berriak egin behar izan dira, eta hartutako osasun neurriek ere haren erabilera baldintzatu dute neurri handi batean; izan ere, gaur egun oraindik ere ohiko erabilera ratioetatik oso urrun gaude Gasteizen, eta ez dirudi epe motzean eta erraz berreskuratuko dituztela pandemiaren aurretik zeuden datu onak.

 

Hori dela eta, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du Gasteizko Udalaren hurrengo osoko bilkuran, Eusko Jaurlaritzari garraio publikoaren defizita arintzeko funts ekonomiko berezi bat eskatzeko. Felix Gonzalez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "garraio publikoa gizarte orekan laguntzen duten elementu nagusietako bat da; horregatik, etorkizunerako inbertsio estrategikoez gain, garraio publikoa berehala 'erreskatatu' behar da". Erreskate hori, EH Bilduren arabera, 40 milioi euro ingurukoa izan daiteke.

 

Gasteizko hiri garraioa kudeatzen duen Tuvisa enpresa publikoak bere defizita 4 milioi eurotan handitzea aurreikusten du koronabirusaren krisiaren erruz. Kontuan hartu behar da autobus erabilera %5eraino hondoratu zela alarma egoeraren hastapenetan, eta maiatzaren bukaeran oraindik %14an zegoela, ematen den autobus zerbitzua %53ra igo den bitartean. Gogoratu ere egin behar da enpresa horren diru-sarreren %40 bakarrik lortzen dela berezko jardueragatik, eta beste %60a udal aurrekontutik datorrela.

 

EH Bilduren ustez, Eusko Jaurlaritzak arlo honetan ere bere erantzukizunari heldu behar dio; batetik, EAEko instituzio nagusia izateaz gain, EAEko Garraioaren Agintaritzako burua ere badelako; bestetik, badelako garaia onartzeko gizarteari oreka soziala eskaintzen dioten funtsezko elementuetako bat badela garraio publikoa.

Euskal Herriak eta Gasteizek behar duten mugikortasun eredu berrian ezinbestekoa da inbertsio publiko handiak egitea, eta horretarako ahalegin handiena baliabide ekonomiko handiagoa daukaten erakundeek egin behar dute, hots, EAEren eremuan Eusko Jaurlaritzak. Datozen urteetan egin beharreko inbertsio estrategikoez gain, ahalegin horrek oraintxe bertan gauzatu beharreko garraio publikoaren urgentziazko «erreskatea» ere eskatzen du: batetik, baldintzarik onenetan zerbitzuari eusteko, hau da, krisiaren ondorioz horren kalitatea narriatu ez dadin; baina, baita sektoreko langileen lan baldintza duinak zaintzeko ere, prekarizazioa, ERTEak eta kaleratzeak eragozteko.

EH Bilduk mozio hau datorren Gasteizko udal osoko bilkuran aurkezteaz gain, Arabako Batzar nagusietako hurrengo osoko bilkuran ere aurkeztu du, bere batzarkide taldearen bitartez.

EH Bilduk salatu du Vital Fundazioaren patronatuko presidenteak uko egin diola Udalean agertzeari, funts-putre bati 500 etxebizitza saldu izana azaltzeko

EH Bilduk salatu duenez, Jon Urresti Vital fundazioaren patronatuko presidentea eta fundazio horretako udal ordezkaria opakutasunez eta iluntasunez jokatzen ari da, berriro ere udalean agertzeari uko egin diolako.

| 2020-06-08 14:00:00

Jon Urresti Vital Fundazioaren patronatuko presidenteak uko egin dio berriro ere udaletxean agertzeari, bere jardueraren eta fundazioaren jardueraren berri emateko, patronatuan udalaren ordezkari gisa duen kargutik. Azken honetan, EH Bilduk Ekonomiaren Sustapenerako Batzordean agerraldia egitea eskatu zion, Suediako Catella inbertsio funtsari 500 etxebizitza saltzearen inguruko azken gertaeren berri emateko. Hala ere, eta beste behin, Urrestik ez du agertu nahi izan.

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, "iluntasun hau eta Vital Fundazioaren kudeaketaren kontrol falta onartezinak dira. Jon Urresti Udalaren ordezkaria da patronatuan, eta behin eta berriz uko egiten dio Vital Fundazioan egindako jarduerari buruzko azalpenak udalean emateari".

EH Bilduk galdera sorta bat aurkeztu zuen Ekonomiaren Sustapenerako batzorde horretan, Vital Fundazioak 500 etxebizitzen salmentan duen jarrera argitzeko, Urrestik erantzun ziezaien, Fundazioko udalaren ordezkari gisa. 500 etxebizitzak bi bloketan daude Salburuan eta Zabalganan, Vitalquilerrek sustatuta. 2008an amaitutako alokairuko babes ofizialeko etxebizitzen bi promozio dira. Orduan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak hitzarmen bat sinatu zuen Vitalquiler programa kudeatzen duen Vital Fundazioarekin, non jasotzen zen etxebizitza horiek 15 urtez alokairu babestura bideratzeko konpromisoa, laguntza publikoen truke.

Hala ere, Urrestik uko egin dio Catella funtsari salmentaren berri emateko udalean agertzeari, honako hau argudiatuz: "Fundazioak ez du inolako akzio- edo merkataritza-harremanik aipatutako Vitalquiler erakundearekin". Ez da erakundearen patronatuko ordezkariak udaletxera azalpenak ematera joateari uko egiten dion lehen aldia, eta jarrera horrek kezka sortzen dio EH Bilduri, Vital Fundazioan ematen den opakutasun eta erabateko kontrol faltagatik.

Halaber, EH Bilduk behin baino gehiagotan eskatu du Catella inbertsio funtsari 500 etxebizitzaren salmenatik lortutako etekina krisiari erantzun soziala emateko neurrietan inbertitu dezala Fundazioak.

 

ALBISTEAK

EH Bilduk uste du «gutxiegi» dela Urtaranek Juan Carlos I-ari kalea kentzea eta aldaketa gehiago proposatuko ditu

2020-07-29 11:12:00

Larrionek nabarmendu du ulertezina dela udalerrian monarkia ustelari lotutako beste etorbide izen batekin jarraitzea, eta gogoratu du udalbatzak duela zortzi urte hartutako akordio batean jaso zela kaleari izena kentzea

Egoera berrian ere, euskara sustatzen jarraitzeko konpromisoa eskatu du EH Bilduk

2020-07-23 10:17:00

EH Bilduk euskaltegiekin harremanetan jar dadin eskatuko dio udal gobernuari, COVID-19aren arriskuak dirauen bitartean eta osasunerako segurtasun baldintzak bermatze aldera, udal instalazioak lagata bertan jarduera presentziala egin ahal izan dezaten.

EH Bilduk maskarillak eskuratzeko aukera eta erraztasun gehiago izateko neurriak eskatu ditu

2020-07-21 11:39:00

EH Bilduk eskatu du maskarillak osasun-txartelean sartzeko, prezio mugatu eta eskuragarriarekin, osasun edo prebentzio produktuetatik aldi baterako BEZa kentzeko eta pertsona ahulenei eta Udalaren oinarrizko zerbitzuei maskarillak doan emateko.

EH Bilduk egoitza publikoen kalitatezko eta pertsonengan oinarritutako eredua bermatzeko konpromisoa eskatuko du

2020-07-17 10:21:00

EH Bilduk HAPOren erabilera tertziarioaren arauaren aldaketaren aurka bozkatuko du, orain egoitza publikoak eraikitzea soilik baimenduta dagoen lursoruetan egoitza pribatuak eraikitzea ahalbidetuko lukeelako.