AKTUALITATEA


| 2024-06-18 12:23:00

Udalak lizitaziora atera du 'Gazte Plaza' ekimena, udal gobernuak eta EH Bilduk adostutako 2024ko aurrekontu akordioaren barruan kokatzen dena. Zehazki, ekimen honen antolaketa, kudeaketa eta jarraipena lizitatuko da, gazteek beren adierazpen sortzaile eta artistikoak garatu ahal izateko topagune bat eskainiko duena, hiriko aisialdi alternatiboko eskaintzan beren partaidetza eta lankidetza indartuz. 2025eko apirilaren 4rako eta 5erako aurreikusitako ekimen honetan, parte-hartzaile eta kolaboratzaile izango direnek euren sorkuntzak jendaurrean erakutsi ahal izango dituzte, eta kultura-sorkuntzaren hainbat alderdiri buruz eztabaidatu ahal izango dute.


Gasteizen, kultura-sorkuntzaren inguruan gazte-sektore zabal bat dago, interes handia erakusten duena bere gustu eta beharrei erantzuteko sorkuntza- eta aisialdi-jarduerak egiteko. Horregatik, ekimen hau funtsezkoa izango da udalerriko gazte sortzaileen ezagutza, lankidetza eta saretzea bultzatzeko.

Ana López de Uralde Gazteria zinegotziak azaldu duenez, "ekimen honek bat egiten du Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatutako programa eta jarduerekin, eta gazteek aisialdiko programen bidez lan egiteko, partekatzeko eta sormena garatzeko guneak izatearen filosofiarekin bat egiten du".

"Gazte Plazak kultur sorkuntzan diharduten gure hiriko gazteei ahotsa emateko balio izatea nahi dugu. Garrantzitsua da arte-adierazpenen arteko partaidetzarako eta lankidetzarako topagune bat eskaintzea, etorkizunerako aliantzak sortzeko eta Gasteizko gazteen presentzia aktiboa eta sortzailea ikusarazteko. Udaletik proaktiboak izan behar dugu kultur sorkuntza bultzatu eta laguntzeko orduan, are gehiago praktika hauetan hasten ari diren pertsonen artean", adierazi du Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak.