Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaia, Juan Karlos Izagirre Donostiako hautagaiarekin batera, Kataluniako hainbat herritan izan da, Gasteizko eta Donostiako errealitatera eraman daitezkeen tokiko ekimenak ezagutzeko. Viteroren kasuan, Badalonako esperientziaz interesatu da, Gasteizen antzeko ezaugarriak dituen hiriaz, non ERCko alkateorde Alex Montarnèsek udalerria berrindustrializatzearen eta zerbitzuen sektorearen mendekotasuna murriztearen aldeko apustu irmoa egin duen.
Viterok adierazi duenez, «EH Bildun beti defendatu izan dugu Gasteizko bi arimak uztartzearen garrantzia: green edo ingurumenari lotutakoa batetik eta industriaren arima bestetik, aberastasuna eta enplegua sortzen duten pisuagatik. Orain, jasangarritasunaren erronkak gure enpresa asko eraldatzera behartuko ditu, eta jarduera berriak garatu ahal izateko espazio egokiak beharko dituzte. Badalonako esperientzia ezagutu dugu; izan ere, bere ezaugarriengatik, Gasteizko errealitatera eraman daitezkeen alderdiak daudela uste dugu, horrela industriaren egungo beharrei erantzun ahal izateko».
Izan ere, beste proiektu batzuen artean, Badalona bere bi industrialderen eraldaketa bultzatzen ari da: Can Ribo eta Les Guixeres. Bietan jarduten duten enpresak galdu gabe, berrikuntza-barruti espezializatu bihurtu nahi dituzte. Espezializazio hori eskualdean interesa duten hainbat poloren eskutik etorriko litzateke.
Gasteizko poligonoak, bereziki hiri finkatuaren iparraldean daudenak, zaharkituta geratu dira eta ez diete egungo beharrei erantzuten. Hala, EH Bildu arlo horietan esku-hartze integralak egitearen alde agertu da, lurzoruaren eskaintza zabaldu eta arrazionalizatu ahal izateko, egungo zenbait kokapenetan poligono berriak modernizatuz eta irekiz.
Kasu batzuetan, gainera, Viterok industrialdeak edo espezializazio-eremuak izatearen aldeko apustua egiten du, «sektore jakin batzuetako enpresak elkartzeko, sinergiak bultzatzeko eta eskala-ekonomiak errazteko. Azken batean, egungo poligonoak eraberrituz eta berrantolatuz, tamaina eta tipologia desberdinetako industria-jardueretarako dagoen industria-lurzoruaren eskaintza handitu nahi dugu, udalerrian lurzoru urbanizaezin gehiago kontsumitu beharrik gabe».
Bartzelona eta Terrassara bisita
Halaber, EH Bilduren Gasteizko alkategaia Bartzelonako Diputazioan bildu da Dionís Guiteras Kataluniako legebiltzarkide eta Bartzelonako Diputazioko bozeramailearekin eta Josep Ramon Mut i Bosque ERCko diputazioko presidentearekin. Bilera horretan politika orokorreko gaiak jorratzeko aukera izan dute.
Era berean, Viterok Terrassa bisitatu du, eta bertan herriko l 'Anella Verda (Eraztun Berdea) nola garatu den ezagutu du, baita esperientzia horri eta Gasteizko Eraztun Berdeari buruzko esperientziak partekatu ere.