AKTUALITATEA


| 2022-03-22 09:28:00

Gaur, martxoak 22, ospatuzen den Uraren Mundu Egunaren testuinguruan, EH Bilduk ura eta saneamendua giza eskubide gisa aitortzeko ekimena aurkeztu du. Proposamen hori, EH Bilduk ostiral honetako udalbatzari helaraziko diona, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2010ean edateko ura eta saneamendua izateko eskubidea «bizitza eta giza eskubide guztiak erabat baliatzeko funtsezko giza eskubide» gisa onartu zuen ebazpenaren barruan kokatzen da.

Amancay Villalba EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez,
«Ura ez da besteak bezalako ondasuna, bizitzarako eta planetaren jasangarritasunerako ezinbesteko ondarea baizik. Hornidura- eta saneamendu-zerbitzuen titular diren administrazio publikoek eskubide hori sustatzeko erantzukizuna dute, eta eskuragarritasun sozial eta ekonomikoko nahiz ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak kontuan hartuta hornitu behar da».

Ildo horretan, AMVISAk
uraren ziklo osoa kudeaketa publikoaren eta giza eskubidearen ikuspegitik kudeatzeko eskaera helaraziko du EH Bilduk mozioan. Era berean, eta ikuspegi horien araberako zerbitzuaren kudeaketa finkatzen duten urrats gisa, EH Bilduk uste du AMVISA AEOPAS elkartearen parte aktibo izatera pasatu beharko litzatekeela, elkarte horrek hornikuntza eta saneamenduko operadore publikoak biltzen baititu. Elkarte honetan sartzeak atea irekiko lioke Gasteizi Komunitate Urdin izateko eman beharreko pausoak eman ditzan, uraren ikuspegi alternatiboa bultzatzeko tresna gisa, guztion ondasuntzat eta giza eskubidetzat hartzean oinarrituta.