AKTUALITATEA


| 2024-03-27 11:55:00

1937ko martxoaren 30ean militar faxistek Azazetan fusilatu zituztenen omenezko ekitaldia egin du gaur EH Bilduk. Ekitaldi horretan, Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko bozeramaileak adierazi duenez, «berriro eskatzen dugu Arabako erakundeek aktiboki inplikatu behar dutela memoria berreskuratzen. Epaitegietan frankismoaren aurkako kereila bat jartzea eskatzen jarraitzen dugu, gizateriaren aurkako krimenengatik, eta zigorgabetasuna amaitzeko eta gerrako eta diktadurako krimenak epaitzeko mekanismoak martxan jartzea. Horregatik, artxiboak publiko egitea eta estamentu judizial eta politikoak irekitako bide judizialekin elkarlanean aritzea eskatzen dugu, Argentina kereilaren kasuan bezala». Halaber, bozeramaileak adierazi du EH Bilduk «memoria eta justizia soziala» eskatzen jarraitzen duela, «orduko balioak eta aldarrikapenak gaur egun ere bizirik daudelako, eskubide gehiago eta hobeak eta bizi-kalitate handiagoa eta hobea eskatzen ditugunean». Horrela, EH Bilduko kideek lore eskaintza egin dute 1937an Azazetan fusilatutako 16 pertsonen omenez. 16 arabar horiek La Pazeko kartzela zaharrean zeuden ziegetatik atera zituzten, gaur EH Bilduk ekitaldia egin duen tokiaren ondoan, eta Azazetako portura eraman zituzten. Bertan, erreketeen, falangisten eta guardia zibilen eskuadroi batek sarraskia egin zuen. «Fusilatutako pertsonen artean hautetsi eta ideologia ezberdinetako pertsonak zeuden: errepublikano, sozialista, abertzale edo anarkistakak. Beste batzuk, berriz, estatu frankistaren izuak suntsitu nahi zituen ideologia horiekin bat etortzeagatik izan ziren aurretik kartzelaratuak». Viterok ziurtatu duenez, eraildakoek defendatzen zituzten baloreek eta bizitza duinak defendatzeko aldarrikapenek inoiz baino indar handiagoa dute gaur egun ere. «Eskubide gehiago eta hobeak eta bizi-kalitate handiagoa eta hobea eskatzen ditugunean, Osakidetzak berriro zutik jarriko duen osasun-sistema publiko eta kalitatezkoa eskatzen ari gara, etxebizitza duina, pertsonak babestuko dituen eta politika publikoen erdigunean jarriko dituen gizarte-sistema, gure lurraldearen defentsa, beharrezko trantsizio energetikoa edo gizarte anitza eta feminista lortzea bermatzea eskatzen ari gara. Horiek dira oraindik gure balioak, eta haien defentsan lanean jarraituko dugu. Bizitza bidezkoagoa amesten zutenek askatasuna bizitza duina izatea ere bazela ulertzen zutelako».