Gasteizko Udalak Alde Zaharreko Enpresa Zentroa handituko du Zapatari kaleko 39. zenbakian kokatutako lokal berriarekin. Gaur egun erabiltzen ez den lonja horren egokitzapen-lanak Udal Gobernu Taldearen eta EH Bilduren arteko 2025eko aurrekontu-akordioari esker egingo dira.
EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek honako hau adierazi du: “EH Bilduk apustu garbia egiten du ekintzailetzaren alde. Proiektuak eta jarduerak abian jarri nahi dituzten eta, lehen une horietan, bermearekin martxan jarri ahal izateko laguntza publikoa behar duten pertsonei laguntzean oinarritutako apustua da. Horrela, benetako jarduera ekonomikoa sortzen da, eta udal-baliabideak erabiltzen dira hiria eta, kasu honetan, Alde Zaharra aktibatzeko, lokal itxiak ugaritzen joan ez daitezen”.
“Zapatari kalean dagoen lokal berri honekin, gure Enpresa Zentroaren eskaintza zabalduko dugu, gure hiriko Alde Zaharrean negozio berriak abian jartzea sustatuz eta Gasteizen ekintzailetza indartuz. Programa horrek, gainera, aukera ematen du erabiltzen ez diren lonjetan jarduera bultzatzeko, kaleak bizitzaz betez”, adierazi du, aldiz, Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak.
Zapatari kale kaleko 39. zenbakian dagoen lokal berri hori egokitzeko lanak dagoeneko lizitatuta daude eta Udal Enpresa Zentroen sarean sartu da. Gaur egun, Enpresen Udal Zerbitzuak kudeatzen du baliabide hori, eta lau egoitza ditu: Eskola kalean dagoen Enpresa Zentroa; Hazitegi Komertziala; Enpresa Zentro Irekia (3 lokal Errementari kalean) eta handitutako Hazitegia (Hedegile kalea 31, 35B, 70 eta orain Zapatari kaleko 39. zenbakia ere bai).
Gasteizko Alde Zaharreko Hazitegi Komertzialari esker, Udalak negozio-ideia komertzial berriak martxan jartzen laguntzen du, autoenplegua sustatzen du eta ekintzaileei beren negozio-ideia bideragarria den egiaztatzen laguntzen die, merkataritza-lokal bat epe luzera begira erosi edo alokatu behar izan gabe.
Gune horietan, gehienez 5 urtez ezarri ahal izango dira negozioak, eta lehen 3 urteetan alokairuaren % 50eko laguntza jasoko dute.
Gainera, Alde Zaharreko Enpresa Zentroa Jundizeko Udal Enpresa Zentroarekin osatuko da. Zentro horren helburua sortu berri diren enpresei ostatu ematea da, enpresa horiek sendotzeko behar dituzten estaldura eta laguntza emanez (bulegoak eta pabilioi industrialak, besteak beste).
Bestalde, nekazaritza sektorean ekin nahi dutenei zuzenduta, Gasteizko Udalak Basaldea Nekazaritza Ekologikoko Enpresen Zentroa jartzen du erabilgarri, Abetxukun.