AKTUALITATEA


| 2022-10-03 10:56:00

Joan den uztailaren 26an Tuvisa udal garraio enpresa publikoaren kontseiluak 12 urtetik beherakoentzako autobus bidaiak doakoak izateko proposamena bozkatu zuen. Neurri hori EH Bilduk bultzatu zuen, lehenik, maiatzaren 18an, Eusko Legebiltzarrean, eta ondoren Gasteizko Udalean. Hala ere, EAJ-PSE gobernu taldeak kontraproposamen bat aurkeztea erabaki zuen, eta murrizketa soilik udalerrian erroldatutako 12 urtetik beherakoei mugatzeko asmoz. PPk muga horren alde egin zuen.

EH Bilduk erabaki hori onartezintzat eta diskriminatzailetzat jo zuen, eta kontseiluan bertan iragarri zuen osoko bilkurako idazkaritza nagusiari txosten juridiko bat eskatzeko asmoa zuela, horren legezkotasuna argitzeko. Bada, txosten juridiko horren ondorioak argia dira, eta ez dute zalantzarik uzten: «
12 urtetik beherako pertsonak hiri-garraio kolektiboaren erabileran ondare-prestaziotik salbuesteko neurria (TUVISA), hirian erroldatuta dauden ala ez kontuan hartuta, udal-zerbitzu publikoen tarifa-berdintasunaren printzipioaren aurkakoa da». Txostenak berak sakontzen du gai horretan: «Zerbitzu horren tarifaren salbuespena udal-erroldan alta emanda egoteak diskriminazio-tratua ekarriko luke».


Besteak beste, neurria onartzerakoan Gasteizko familia askoren egoera ekonomiko zaila aipatu zen. «Ez dago erroldatzean oinarritutako tratu-desberdintasunaren inolako justifikaziorik, are gehiago baldintza hori une honetan eskatzen ez bada. Ezta bereizketa hori ezartzeak dakartzan ondorio juridikoak aztertzea ere, lortu nahi den helbururako egokiak eta proportzionalak direla ikusteko», azaldu du txostenak.

EH Bilduk EAJ eta PSEren gobernuari exijitu dio «berehala» atzera egin dezala eta zuzendu dezala 12 urtetik beherako pertsona batzuk udal garraio publikoan doakotasunetik kanpo uzteko erabakia.


«Neurri egokia da Gasteizen garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta ikastetxeetara ibilgailu pribatuz egiten diren joan-etorrien kopurua gutxitzen saiatzeko. Guztiz onartezina da EAJk eta PSEk udal-errolda elementu diskriminatzaile gisa erabili nahi izatea, eta berehala zuzendu behar dute neurria, 12 urtetik beherako pertsona guzti guztiek jaso ahal izan ditzaten doako bidaiak», azaldu du EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaile eta Tuvisako kontseilari Felix Gonzalezek.