AKTUALITATEA


| 2022-05-23 10:19:00

EH Bilduren Gasteizko Mahai Politikoaren proposamena izan da aurkeztutako bakarra, eta, beraz, EH Bilduren militantziak berresten badu, Rocio Vitero izango da Gasteizko alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan. Mahai Politikoak Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkidea proposatu du Viteroren alboan, alkateorde izateko.


Ibilbide profesional, politiko eta sozial aitortua duten bi pertsona dira. Ezagutza eta esperientzia osagarria duten bi pertsona, gobernatzeko erabateko kaudimena duen talde baten buru izango direnak. Erronka global eta lokal handiek bat egiten duten une honetan, hurbiltasunetik, elkarlanetik eta akordiotik abiatuta Gasteiz gobernatzeko borondate argia islatzen du Vitero eta Fernández de Betoñoren hautagaitzak.


Rocío Vitero (Gasteiz, 1980), Gizarte Lanean graduatua da eta Bazterkeria, Integrazioa eta Herritartasuna masterra du. Gizarte-politikak gainbegiratzen aditua da eta adinekoen egoitzetan laguntzaile gisa lan egin du, Aterpe udal-zentroko arduraduna izan da eta Sidalava elkartea koordinatu eta kudeatu du. Gizarte- eta boluntariotza-mugimenduetan parte hartu du. 2019az geroztik, EH Bilduko zinegotzia da, eta Gizarte Politiketan duen arduraz gain, Ogasun, Sustapen Ekonomikoa eta Merkataritza arloetan buru izan da.


Unai Fernández de Betoño (Gasteiz, 1977) arkitekturan doktorea da eta Hirigintzako irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Hainbat urtez Ensanche 21 sozietate publikoko kontseilaria izan da, eta gaur egun EH Bilduko legebiltzarkidea da Eusko Legebiltzarrean, etxebizitza, lurralde-antolamendua, mugikortasuna eta suspertze ekonomikoa bezalako arloetan.

 

Hautagaitza horrek agerian uzten du EH Bilduk Gasteiz irekia eta aurreratua nahi duen gehiengo sozial baten erreferentzia izaten jarraitzeko borondatea duela. Berdintasunaren, aniztasunaren, feminismoaren, ekologismoaren edo justizia sozialaren aldeko apustua egiten duen hiri batean bizi gara. Bada garaia balio partekatu horiek konplexurik gabe beste udalerri eredu batean islatzeko. Bada garaia gure erakunderik hurbilena gehiengoak eskatzen duen norabidean jartzeko.