Vitoria-Gasteizko Udalak, Gizarte Politiken Sailaren bitartez, eta Arabako Abokatuen Elkargoak lankidetza-hitzarmena adostu dute etxebizitzaren errentamenduen arloan doako zerbitzu juridiko bikoitza abian jartzeko. Ekimena EH Bilduren eta Udal Gobernuaren (PSE-EAJ) arteko aurrekontu-akordioaren emaitza da. Bulegoa herritar guztientzat da, eta arreta berezia eskainiko die zaurgarritasun-egoeran dauden edo informazio juridikoa eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonei, etxebizitza galtzeko egoerak prebenitzeko.
Hitzarmena orain sortu da, baina Gizarte Politiken helburua 2027an luzatzea da. Udalak finantzatutako ekimenak bi alderdi ditu. Alde batetik, aholkularitza juridikoa emango du, herritarrei errentatzaileen eta maizterren eskubideei eta betebeharrei buruzko informazioa emateko, bai eta alokairu-kontratuekin lotutako gatazkak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko ere. Arreta berezia jarriko da etxebizitza galtzea, etxegabetzeak eta kaleratzeak prebenitzeko lanean.
Bestalde, gatazkak konpontzeko zerbitzuak orientazioa eta laguntza eskainiko ditu alderdien arteko elkarrizketa sustatzeko, eta negoziaziorako eta auzibidetik kanpoko ebazpenerako mekanismoei buruzko informazioa emateko. Halakorik erabiltzen bada, Abokatuen Elkargoak bitartekari bat eta bi abokatu laguntzaile izendatuko ditu, alde bakoitzetik bana.
Bi kasuetan, arreta Arabako Abokatuen Elkargoaren egoitzan egingo da (Frai Francisco Vitoria ibilbidea, 4), aldez aurretik hitzordua eskatuta, 945-231050 telefonoaren bidez.
Programak Udaleko Gizarte Zerbitzuetako profesionalentzako orientazio juridikoa ere jasotzen du, errentamenduekin lotutako egoeretan esku-hartze soziala hobetzeko. Gainera, gaiari buruzko informazio- eta prestakuntza-saioak antolatuko dira, eta informazio-liburuxkak egingo dira. Zeregin guztia letradu espezializatuek egingo dute, borondatez parte hartuko dute eta gutxienez hiru urteko jarduna izan beharko dute.
Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “etxebizitza eskuratzea eta bertan mantentzeko gaitasuna da, zalantzarik gabe, herritarren kezka nagusienetako bat. Hori dela eta, ezinbestekoa da beharrezkoak diren baliabideak eskaintzea etxebizitza galtzeko arriskuan dauden kasuetan. Gaur ateak irekiko dituen bulegoak aholkularitza juridikoa eskainiko du etxetik kaleratzeko arriskuan dauden pertsonek beren etxea mantentzen lagunduko dien zerbitzu publiko, doako eta munizipala jaso dezaten”.
Lucho Royero Gizarte Politiken, aholkularitzaren ardura duen sailaren, zinegotziak gogorarazi du etxebizitza dela Gasteizko gizartearen arazo nagusietako bat. Izan ere, Udaleko Gizarte Zerbitzuek egunero egiaztatzen dute etxebizitza eskuratzeko eta bertan mantentzeko zailtasunak dituzten pertsonen eta egoeren gorakada handia izan dela. “Egoeraren jakitun, Udalak herritarrengandik gertu egon nahi du, eta, kasu honetan, aholkularitza juridikoa eskaini nahi du, baliabide espezializatuaren, doakoaren, irisgarriaren eta prebentiboaren bidez. Horri esker, bi aldeentzat etxebizitza galtzeko arrisku-egoerak garaiz landu ahal izango ditugu, eta bitartekaritza- eta gatazkak konpontzeko estrategiak ezarri, prozedura judizialak saihesten saiatzeko eta, batez ere, egoerarik okerrena (etxebizitza galtzea) saihesteko”, gaineratu du.
Gizarte Politiken Sailak urte asko daramatza arlo horretan buru-belarri lanean, premiazko baliabideak eta lehen harrerakoak sortzen, familiei etxebizitza bilatzen laguntzen, esku-hartze psikosoziala egiten, beste eragile batzuekin (Alokabide, epaitegiak, herritarren plataformak) koordinatzen eta abar.
Hitzarmen honen bidez, bi erakundeek lankidetza indartu dute orientazio juridikoa herritarrengana hurbiltzeko, alokairuarekin lotutako eztabaidak goiz konpontzen laguntzeko eta etxebizitza ongizaterako eta babes sozialerako funtsezko elementu gisa mantentzen laguntzeko. Gogoratu behar da Gizarte Politiken Sailak Arabako Abokatuen Elkargoarekin duela urte batzuetatik hona adinekoentzako aholkularitza juridikoa ere hitzartuta duela.