AKTUALITATEA


| 2026-11-04 11:44:00

EH Bilduk salatu du gaur, bere garaian Vitalquilerrenak izan ziren 981 etxebizitza inbertsio fondoen edo higiezinen-sustatzaileen esku amaitu izanak, maizterren baldintzak arriskuan jartzen dituztela. Izan ere, bere garaian Vitalquilerrek sustatutako etxebizitzak dira, eta 28 milioi euro inguru eman zitzaizkion etxebizitza horiek kudeatzeko eta horietan bidezko alokairua bermatzeko, 10 edo 15 urtez, kasuaren arabera.


Gutxi gorabehera, eragiketa hura egin eta 20 urtera, ondare hori Catella inbertsio-funtsaren (alokairuaren baldintzak 2033ra arte soilik bermatzen dituena) edo Adania sustatzailearen (non etxebizitzak “babeseko” kalifikazioa galtzen ari diren) jabetzakoak dira.

 

Aipatutako 981 etxebizitzetatik 489 2020ko martxoan saldu zizkion Vitalquilerrek Catella inbertsio-funtsari. Kalifikazio iraunkorra duten etxebizitzak dira, eta 2033. urtera arteko alokairuen baldintzak baino ez dituzte bermatzen; data horretatik aurrera, saldu edo baldintzak aldatu ahal izango lirateke. Etxebizitza horiei Eusko Jaurlaritzak 12 milioi euro baino gehiago eman zizkien laguntzetan, eta horien salmentak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso zuen, ez baitzuen erabili bere eroslehentasun-eskubide. Salmenta hori 51 milioi euroan itxi zen, hau da, etxebizitza bakoitza 105.000€ inguruan saldu zen, Eusko Jaurlaritzak Donostiako etxebizitzengatik ordaindutako prezioaren ia erdia.

 

Gainerako 492 etxebizitzak Adania sustatzailearenak dira, Kutxabank Vitalquilerreko akziodunen taldetik atera ondoren bere egin baitzituen. Etxebizitza horiek ere ia 16 milioi euro jaso zituzten Eusko Jaurlaritzaren laguntzetan, eta, gehienak, babestuen kalifikazioa galdu dute, eta horrek alokairuen gehiegizko igoera ekarri du. Oraindik kalifikazio hori galdu ez duten bi bloke baino ez dira geratzen (100 etxebizitza guztira), baina 2027ko azarotik otsailera bitartean galduko dute.


Xabier Ruiz de Larramendi Euskal Herria Bilduko zinegotziak esan du ondare galera «justifikaezina» dela. Are gehiago, ezaguna denean Eusko Jaurlaritzak duela gutxi 510 etxebizitza erosi dizkiola Donostiako putre-funts bati, babestuen kalifikazioa gal ez zezaten. «Berri ona da administrazioak esku hartzea, Donostiaren kasuan, gure etxebizitza-parketik funts putreak ateratzen joateko. Izan ere, etxebizitza horietan bizi diren pertsona guztien alokairuen baldintzak eta iraupena bermatzen ditu, baita etxebizitza horiek babestuen kalifikazioa ez dutela galtzen bermatzea ere». Gasteizen egin zitekeen ere, baina PSE-EAJren gobernuak ez du egin.


Horregatik, zinegotziak berak azalpenak eskatu ditu: «Donostian Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestua berrerosten duen bitartean, Gasteizen kontrakoa egin al du? Udal Gobernuak gaiarekiko interesik ere ez duelako edo Eusko Jaurlaritzak esku hartzeari uko egin diolako? Jakin nahi dugu urte hauetan guztietan udal gobernua Itxaso jaunarekin harremanetan jarri den edo beste alde batera begira egon den».

 

Ruiz de Larramendik adierazi du argibide horiek eskatuko dizkiotela udal gobernuari Hirigintza Batzordean. Batzorde horretan, gainera, 981 etxebizitza horietan bizi diren milaka pertsonen alokairuen baldintzak bermatzeko zer neurri hartuko diren argitzeko eskatuko dute, alokairuen gehiegizko igoerak jasaten ari baitira dagoeneko.